Jobita Artabe: "Karapaixoaren tradizioa galtzen ari da, eta hura berreskuratzea gustatuko litzaidake"

Eki Letona Erretolatza 2026ko otsailaren 27a

Jobita Artabe, San Migeletan.

Garizuman sartzearekin batera, karapaixoa oparitzeko sasoia hasten da, eta, ohiturari eusteko asmoz, Loramendi Elkarteak karapaixo tailerra antolatu du. Martxoaren 5ean izango da, 18:30ean, Murualdeko elkartean, eta Jobita Artabe aretxabaletarrak emango du saioa. Urte asko daramatza etxean karapaixoa egiten, eta lehen aldiz partekatuko du haren jakintza modu irekian.

Zer erakutsiko duzu tailerrean?

Karapaixoa hutsetik egiten erakutsiko dugu, pausoz pauso. Lehenengo, irin zuria behar da, eta legamia okindegikoa; ez du balio hauts modukoak, okindegian eskatu behar da. Masa egin, ondo landu, eta pare bat orduz harrotzen utzi behar da. Denbora hori errespetatzea garrantzitsua da, bestela ez da eta ondo ateratzen. Ondoren, berriro landu eta forma ematen zaio.

Zer hartu behar da kontuan forma ematerakoan?

Txorizoak ondo estalita joan behar du, masarekin bilduta, txurro formarekin. Txorizoa ez da agerian utzi behar, ondo tapatuta baizik, erre ez dadin. Eta labera sartu aurretik, arrautza irabiatua eman behar zaio gainetik, denok gustuko dugun urre kolorea har dezan. Xehetasun horiek borobiltzen dute azken emaitza. Nire amak horrela egiten zuen, eta nik ere betidanik horrela egin dut; errezetak ez du hutsik egiten.

Etxean ere hala egiten duzu?

Bai; nik beti familiarentzako egin dut karapaixoa. Hori bai, nire gustura, txorizoarekin eta arrautzarekin. Etxean askotan ez diot forma berezirik ematen, lan gutxiago hartu eta praktikoago egiten dut, baina osagaiak horiek dira. Nire ustez, hori da benetakoa, eta horrek balio du.

Zer da zuretzat karapaixoa?

Karapaixoak txorizoa eta arrautza izan behar ditu. Bestela, ez da karapaixoa. Esne-opilezkoa ez dut gustuko; nire ustez, hori ez da karapaixoa, txokolate zatiak dituen opil bat baizik. Guk egiten dugunak ez du zerikusirik leku batzuetan saltzen den ogiarekin. Batzuetan, ogiaren masa erosita edo ogia eginda ekartzen dute, eta gero txorizoa sartzen diote; nik hori ez dut jaten. Masa egin egin behar da, baserrian bezala, hasieratik bukaerara.

Aspaldiko ohitura da?

Bai, urte askotakoa. Garizuma inguruan, karapaixoa besoetako umeari oparitzen zaio, aita pontekoek edo ama pontekoek. Etxean eginda edo okindegian enkargatuta. Izan ere, opari sinplea dirudi, baina atzean badago lotura berezi bat. Nire familian, adibidez, lobari egiten diote, baina, askoan, opil mo- dukoa; nik nahiago dut tradizionala.

Galtzen ari den tradizioa da?

Bai, hala da, eta niri ez zait hori gustatzen. Gurean, baserrian, labean egiten ziren eta familiakoei ematen zitzaizkien, tradizio moduan. Etxeko ogia egiten zen, eta hortik ateratzen zen karapaixoa ere. Niri, txikitan, ama pontekoak egiten zidan karapaixoa, eta egun hura berezia izaten zen. Orain, jendea ahazten doa, erosita konformatzen da. Nik tradizioa berreskuratzea nahiko nuke, baina ez dakit erraza izango den.

Zer esango zenioke jendeari?

Anima dadila karapaixoa egitera, eta ogia egitera ere bai. Okindegiko irina ekarrita egin daiteke, ez da ezinezkoa. Egiteak badu lana, denbora eta pazientzia
eskatzen ditu, baina merezi du. Egun luze baten ondoren, karapaixo zati bat txorizo puska batekin jatea momentu bikaina da. Baina onena da iloben eta
familiaren irribarrea karapaixoa ikusten dutenean; horrek ez du preziorik, eta, orduan, egindako lana ahaztu egiten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak