Korrikaren lekukoa eramateko metro gehiago izango ditu aurten Aretxabaletak

Mirari Altube Arrese 2026ko otsailaren 11

24. Korrikaren lekukoa martxoaren 27an iritsiko da Aretxabaletara eta horren bueltako kontuak lotzen hasita dago herrian eratu den batzordea. Berritasun bat ere badago, handia, gainera: ibilbide aldaketa.

Metro gehiago egingo dituzte aretxabaletarrek herriko kaleetan lekukoaren atzetik aurten. Izan ere, ibilbidea aldatu egin dute. Eskoriatzakoen eskuetatik Ederlan lantegi parean hartuko dute lekukoa, eta txatartegiaren albotik sartuko da herrian. Kiroldegiaren atzeko partetik, Txarapea ibilbidetik, jaitsiko da bi bizitzako etxeak pasatu arte; handik Loramendi kalera egingo du eta Atseden tabernako bidegurutzeraino joan. Araba ibilbidetik egingo ditu metro batzuk baina gero –Arteman parean– Belorrietarantz sartuko da eta Pausoka haur eskola aurretik pasatuta Andramari auzunetik Mitarte kalera iritsiko da. Mitarte eta Durana kaleak zeharkatuta, udaletxe ostetik, Lausittara joango da, ondoren Bedarretarantz hartzeko. Otalora kaletik aurrera egin eta Arbizelai pasatuta, biribilgunean, Arrasatekoek hartuko dute lekukoa. 

Hamabost lekuko aldaketa aurreikusi dira, 2.729 eta 2.743 kilometroen artean.

Kilometroa erosteko aukera dagoeneko zabalik dago. Horretarako, honako helbidera idatzi behar da: debagoiena@korrika.eus. Behin zehaztutakoan zein taldek eta eragilek eskuratu duten banaketa egingo da lekukoa non hartu; hori herriko batzordeak erabakiko du.

Korrika eguneko egitaraua

Korrika pasatuko den eguneko ekitaldiak zehazten hasita dago batzordea. Iluntze partean erromeria izango da eta herritarrak dantzara gonbidatu dituzte. Eta kantu afaria ere egingo da, orain dela bi urte moduan; zuk egin zuk jan izango da baina txartelak aldez aurretik hartu beharko dira. Arratsalde partea umeendako tailerrak ere antolatu gura dira.

Korrika pasatuko den egun horretan bertan, goizean, Korrika Txikia egingo dute ikastetxeetako neska-mutikoek. 10:30ean ekingo diote ibilbideari, ohi legez, Pausoka haur eskola paretik eta Herriko Plazan emango diote bukaera. 

Korrika materiala salgai

Korrikaren materiala saltzeko postua jarriko da martxoaren 6an, egubakoitza, Durana kalean, 17:30etik 19:30era bitartean. Kantu afarirako txartelak ere erosi ahal izango dira orduan.

Korrika batzordeak hurrengo bilera egingo du otsailaren 23an; 18:00etan, udaletxe zaharrean. Ekarpenak egin zein antolatze lanetan parte hartu gura duen herriko talde, eragile zein norbanakoei zabalik dago batzordea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak