Puntua aldizkariaren 484. zenbakiko Beste artxiboa atal berrian argitaratutakoa da honakoa; Debagoieneko historiazaleek idatzitako atala da, tokiko iraganari buruzko gaiak ezagutarazteko. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Alkateak kontzeju-etxera jo zuen, eta handik Joaquin Yñurrigarro eta Francisco Oleaga aguazilekin, Thomas Aranburu eta Manuel Sanz Lezaun zirujau maisuekin eta zenbait herritarrekin abiatu zen gertalekura. Gorpua putzu sakon batean trabatuta zegoen, eta, azkenean, bi bizilagun boluntariok, Vicente Maizteguik eta Juan Gomez Riok, ausardiaz uretara salto egin eta ateratzea lortu zuten. Lurrean etzanda, lehen azterketa egin zioten, ikusminak eta isiltasunak inguraturik.
Hilketa lazgarria
Hildakoaren arropak eta objektu pertsonalak xehe aztertu zituzten. Soinean zeramatzan kasaka urdina, panazko galtza berdeak altzairuzko belarriarekin gerrikoan, Frantziako etxeko mihise arruntezko alkandora, larruzko zapata erabiliak, antezko txalekoa eta lepoan lau zapi, horietako bat nahiko erabilia eta beste hirurak gazazkoak. Poltsikoetan aurkitu zituzten objektuak bereziki deigarriak izan ziren: pipa alemaniar bat, erlojurako giltza, habano-zigarroak zituen kaxa bat, zetazko galtzerdiak, opiltxo bat, ezpelezko orrazi bat, eta zigilu pertsonal bat. Zigilu hori bi piezaz osatua zegoen, bata egurrezkoa eta bestea letoizkoa; A eta V letrak zeuden idatzita, eta atzealdean A eta 6 zenbakia.
Horrez gain, hilotzetik 30 metrora Summon edo Tumbagako erloju txiki bat, zetazko kutxa bat, zapiak eta odol-arrasto ugari aurkitu zituzten. Gainera, gorpua zegoen goiko putzuan kirtenik gabeko sable bat topatu zuten, frantziar granadari eta kaboek erabiltzen zutenaren antzekoa.
Gorpua udaletxera esku-eskailera gainean eraman, eta zirujau maisuek azterketa zehatza egin zuten. Adierazi zutenez, hildakoa 26 urte inguruko gaztea zen, gaztaina koloreko ile argia zuen, begi urdinak, bizargabea, garaiera erregularra, eta eskuineko aldeko goiko ezpainean orbain sendatua. Buruan lau zauri zituen, aurpegian ebaki sakon bat, eta gorputzean hainbat zauri sarkor. Bereziki larriak ziren sabelaldeko eta saihetsarteko zauriak, hilkorrak zirela ondorioztatu baitzuten. Adituen ustez, lehenik Errege Bidean eraso egin zioten eta, ondoren, ia hogeita hamar pausora arrastaka eraman zuten ibaira.

BURUAN LAU ZAURI ZITUEN, AURPEGIAN EBAKI SAKON BAT, ETA GORPUTZEAN HAINBAT ZAURI SARKOR
Lekukoen deklarazioak
Ikerketa ez zen Aretxabaletara mugatu. Lekukoen deklarazioak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta haiek kasuari dimentsio berria eman zioten. Landaeta baserrian bizi zen Vicente Urrutiak gau hartan zaratak eta garrasiak entzun zituela jakinarazi zuen, eta pentsatu zuen baten batzuek harri bat bota zutela ibaira. Beste batzuek bi gizonekin egin zutela topo bidean, portaera susmagarriarekin, eta sable edo makila antzeko tresnak zeramatzatela uste zuten.
Ikerketaren beste giltzarri nagusietako bat Valoniako infanteriako soldadu baten testigantza izan zen. Goizaldean Gasteizera bidean frantsesez mintzo ziren bi gizon aurkitu zituela adierazi zuen, eta euren jarrerak arraroak iruditu zitzaizkiola.
Aretxabaletako agintariek inguruko herrietara bidali zituzten ofizioak: Arrasatera, Bergarara eta, bereziki, Antzuolara. Antzuolan hainbat lekukok baieztatu zuten hiru frantses herritik pasa zirela eta Trinidad Echebarriaren ostatuan izan zirela. Ostalariak eta herritarrek deskribapen oso zehatzak eman zituzten: hiru puntako kapelak, kasaka urdinak eta jaka marroiak zeramatzaten soinean; pipa alemaniarrak eta faltrikeraerlojuak ere bazeuzkaten.
Janariaren kontua aurkeztu zitzaienean, hiruretako batek bost pesoko dobloi bat eman zion ostalariari, eta hark txanpon hauek itzuli zizkion: doblilla –20 errealeko urrezko txanpon zahar bat–, kareta –beste txanpon bat–, bi erreal, erdiko bat eta gainerakoa pezetatan. Frantsesak kontua ordaindu eta kaoba koloreko kutxa txiki bat atera zuen dirua gordetzeko.
Horrekin batera, lekuko batzuek azaldu zuten bi gazteenek ezpata-joko moduko bat egin zutela dibertitzeko.
Une erabakigarria izan zen lekukoei hildakoaren arropak erakutsi zizkietenean. Haietako batzuek zalantzarik gabe identifikatu zituzten: arropak eta objektuak Antzuolan ikusitako frantsesetako baten berberak ziren. Horrek ikerketari sendotasuna eman, eta susmo nagusia baieztatu zuen.
EZIN IZAN ZUTEN ZEHAZTU ERASOTZAILEAK BIDELAPURRAK EDO HILDAKOAREKIN ZIHOAZEN BIDAIDEAK IZAN ZIREN
Hiltzaileak ezin identifikatu
Azken ondorio gisa, Aretxabaletako agintariek ondorioztatu zuten frantziar bidaiari bat Gaztelarantz zihoala, baina bidean geldiarazi, eraso egin eta hil egin zutela. Ezin izan zuten zehaztu erasotzaileak ohiko bidelapurrak izan ziren edo hildakoarekin batera zihoazen bidaide berberak, baina argi geratu zen hilketa bortitza izan zela, eta gorpua ezkutatzeko saiakera egin zutela.
Gizon ezezagun hark behin betiko bakea aurkitu zuen Jasokundeko Andre Mariaren parrokiako hilobi batean, ezkerretik sartuta, lehen lerroan, konfesategi lekuaren ondoan dagoen azken ilaran, lehenbizikoan, eta oihal beltzezko jantzi batez apaindu zuten.