Aretxabaletarren ikusmina sortu du POBA proiektu berritzaileak

Mirari Altube Arrese 2026ko urtarrilaren 23a

Martitzenean aurkeztu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko lehen zentrosoziosanitarioa Aretxabaletan, eta atzo, eguena, herritarrei azaldu zieten POBA proiektua, Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik. 50en bat lagun elkartu ziren Karmele Igartua aretoan informazioa bertatik bertara jasotzeko gogoz.

Herritarrendako antolatutako aurkezpenean elkartu ziren Zainketetako eta Gizarte Politiketako Diputatua diputatu Maite Peña, Adinberri fundazioko Rakel San Sebastian eta Debagoieneko ESIko zuzendari Carlos Barroso, Gari Iturbe alkatearekin batera. Pozik agertu ziren guztiak eta "elkarlanean" abian jarri izana nabarmendu zuten. Barrosok adierazi zuen erabilgarria dela erakutsi behar dela orain eta horretarako egingo dutela lan. Adinberriko San Sebastianek erronka handiak dituela azpimarratu zuen, "zaintzen benetako ekosistema" eraiki behar dela aipatuta. Eta Peña diputatuak adineko pertsonen "bizi kalitatea hobetzera" datorren proiektua goraipatu zuen.

Galdetegia 70 urtetik gorakoei

70 urtetik gorakoen prebentzioan jarriko dute fokua proiektuarekin, "urte gehiago eta hobeto" bizi ahal izateko, eta horretarako "arreta osatuagoa" ematea da asmoa, eraikin berean dauden osasun zerbitzuek eta gizarte zerbitzuek elkarlanean jardunda.

Horren berri eman zieten elkartutakoei Aretxabaletako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Nerea Zubillagak eta osasun etxeko Argiñe Ibarguren medikuak. Azaldu zien galdetegi bat pasatuko dietela 70 urtetik gorako aretxabaletar guztiei diagnostiko bat egiteko eta adineko horien arriskuak aurreikusteko –bakardadea, polifarmazia…–; ondoren, plan pertsonalizatuak bideratuko dizkiete, bereziki hauskortasun egoeran daudenei. Adin tarte horretako erdiekin dagoeneko egon direla jakinarazi zuten eta gainerakoei datozen asteetan deituko dietela. 

Gizarte Zerbitzuetan ere antzeko diagnostikoa egiten dute Zubillagaren esanetan, bereziki ikuspegi soziala kontuan hartuta. Behin informazio guztia jasota herriko baliabideen azterketa egingo dute, "gehiago sortzeko edo daudenak indartzeko".

Herriko eragileen mahaia sortzeko asmoa ere badute, "eragileen inplikazioa ezinbestekoa" izango delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak