Hasi da lanean Aretxabaletako Korrika batzordea

Mirari Altube Arrese 2026ko urtarrilaren 14a

Korrika batzordearen lehen bileran elkartutakoak.

Korrika batzordea osatu da Aretxabaletan eta hasi dira antolatze lanetan. Korrika Lagun ekimenaren berri ematera joango dira hurrengo asteetan merkataritza eta ostalaritza zerbitzuetara eta arropa salmenta puntua jarriko dute otsailaren 7an, Durana kalean. Martxoaren 28ko –Aretxabaletatik pasatuko den eguna– ekitaldiak zehazten ere hasi dira.

Orain dela bi urte arrakasta izandakoak errepikatzea erabaki du batzordeak Korrika Aretxabaletatik pasatuko den egunerako, martxoaren 28rako: goiz partean, Korrika Txikia ikastetxeetako umeen eskutik; kontzertuak iluntze partean; eta Zuk in, zuk jan afaria gauean. Egitarau hori osatzen joango dira datozen asteetan.

Era berean, Korrika kulturalaren baitako egitaraua zehazten hasita dago Udaleko Kultura Saila. Horren baitan, Kaka antzezlana iritsiko da Arkupera, martxoaren 22an; AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka irabazi zuen lan horrek eta gidoigileen artean Kepa Errasti Gorroño aretxabaletarra dago. Beste hainbat ekitaldi ere izango direla iragarri dute.

Hurrengo batzarra urtarrilaren 26ean egingo du batzordeak, 18:00etan, udaletxe zaharrean. Ateak irekita dituzte parte hartu gura duen edonorentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak