Aretxabaletako EAJren udal taldeak "erabat gaitzetsi" ditu edukiontzien erreketak

Mirari Altube Arrese 2025ko urr. 2a, 16:57

Edukiontziak erreta Ilargi plazan. (Argazkia: EAJ)

"Balio komunitarioak indartzeko" eta "udalerriko segurtasuna hobetzeko" neurrien gaineko hausnarketa abiarazteko deia egin du.

Azken hilabeteetan herrian izandako "hainbat gertaera", bereziki edukiontzien erreketak erabat gaitzetsi ditu Aretxabaletako EAJren udal taldeak: "Onartezinak dira herritarrak arriskuan jartzen dituzten ekintza guztiak, eta, herria zaintzeko guztion erantzukizunari dei egiten diogu, Aretxabaletak jarrai dezan izaten ondo eta seguru bizitzeko ingurunea".

Gaineratu dute Aretxabaleta nabarmendu izan dela "harreman komunitario indartsuak" izateagatik, eta "garatutako proiektu komunitario eta eraldatzaile ugari" direla horren erakusgarri. Baina "indibidualismoaren garaian, gizalegearen kontrako batzuen portaerek ongizateari eraso" egiten diotela: "Eta guztion ardura da –herritarrak, erakunde publikoak eta eragile pribatuak– elkarrekin lan egitea, izaera eta balio komunitarioak indartzeko".

Era berean, jeltzaleek uste dute garrantzitsua dela segurtasuna hobetzeko neurrien gaineko eztabaida mahai gainean jartzea eta bi esparrutan lan egitea proposatu dute: komunitarioa, "komunitateko kide izatearen gainean sakonduta eta pertsonen eta ingurunearen zaintzaren gaineko konpromisoa" sustatuta; eta prebentzioa, "espazio publikoak txukunduta eta zainduta" –argiztapena, garbiketa eta mantentze-lanak–; eta gune kalteberetan kamerak jarrita.

Eztabaida prozesu publiko baten eskaera

Ildo horretatik, eztabaida prozesu publiko baten alde agertu da: "Funtsezkoa da pribatutasuna arriskuan jarri gabe segurtasuna bermatzeko moduari buruzko elkarrizketa irekitzea tokiko eragileen, erakundeen eta herritarren artean, gure lehentasuna delako herritarrak eta haien ongizatea babestea".

Hala, "udalerri seguru baten aldeko konpromisoari" eutsita, Udal Gobernuari eskatu diote eztabaida publikoko prozesu bat abiaraztea, eta herritarrak animatu dituzte erantzukizunez jokatzera eta hausnarketa horretan parte hartzera: "Seguru sentitzea guztion artean zaindu beharreko altxorra baita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak