San Migel jaiak ate-joka, aurreikuspen onekin

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ira. 26a, 14:00

Iaz, kantu afaria frontoian egin zuten.

Asteburuan ospatuko dituzte San Migel jaiak Aretxabaletan, eta, ohiko hitzorduez gain, berritasunak ere batzen ditu aurtengo egitarauak. Gaurko hitzordu nagusia kantu afaria izango da, eta 600 lagun elkartuko dira Herriko Plazan.

Gaur iluntzetik domekara arte hitzordu ugari izango dira Aretxabaletako San Migel jaietan. Hain zuzen ere, falta ezin direnak: kantu afaria; artisautza, nekazaritza eta bertako ganaduaren feria; eta Loramendikoek prestatutako taloak… Eta ekintza berriak ere izango dira: Atxabalta Saria berreskuratu dute, Beinke Loramendi dantzaren ondoren emango dena, esaterako. Aretxabaletako Udalaren eskutik, herriko eragile askoren laguntzarekin.

Kantua afarian 600 lagun

Kantu afaria, esaterako, klasikoa da sanmigeletan. Aurten, Aretxabaletaklik aplikazio bidez erosteko lehenengo 150 txartelak jarri zituzten salgai, eta azken ordura arte eguraldi iragarpenari begira izan dira antolatzaileak, urtero moduan, Herriko Plazan edo frontoian egin erabakitzeko. "Eguaztenean erabaki genuen Herriko Plazan egitea. Eguraldi iragarpena ona da, eta 600 lagun batuko gara bertan. horrez gain, espero dena aurreikusi moduan joatea", adierazi du Ibai Zangituk, Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotziak.

Gazte Mugimendukoak, prest

Udalak antolatutako jarduerez gain, Aretxabaletako Gazte Mugimenduko kideen eskutik ere programa ederra dute prest egunotarako. Gaur, egubakoitza, 18:00etan irekiko dute txosna, eta 19:00etan, berriz, Atxabalta Palestinarekin ekitaldia egingo dute. Ondoren, pregoia eta txaranga izango dira, eta, 19:30ean, berriz, Bogside talde berriaren kontzertua izango da. Amaitzeko, txarangarekin Atalataikuako kantu afaria egingo dute.

Bogside taldea estreinakoz

Leintz bailarako bost gaztek osatzen dute taldea: Julen Lezeta, Etxahun Iturriotz, Jon Gonzalez, Julen Cabero eta Ethan Moral. Euren zuzeneko lehenengo kontzertua izango da, eta "motibatuta" eta gogoz daude euren proiektu berria plazaratzeko.

Zapatuan, 12:00etan irekiko dute txosna, eta 14:30ean elkartasun bazkaria egingo dute. 20:00etan, Josetxo Ta Alayak elektrotxaranga arituko da herriko kaleak musikaz girotzen. Amaitzeko, 22:00etan, pintxada tematikoa egingo dute.

"Hitzordu guztiak udaletxe zaharrean egingo ditugu, bertan izango baitugu txosnagunea. Nahiz eta gaur Atxabalta Palestinarekin elkarretaratzea egingo den, 19:00etan, plazan. Horrekin batera, zapatuko elektrotxaranga herriko kaleetan barrena arituko da, baina abiapuntua udaletxe zaharra izango da. Gainontzean, jendea animatzea, giro ederra egongo delako, eta etorri dadila jendea", adierazi du Peio Uribetxeberriak, Aretxabaletako Gazte Mugimenduko kideak.

Palestinaren aldeko mosaikoa egingo dute gaur, 19:00etan, Herriko Plaza azpian

Herri kirolak domekan

Domekari dagokionez, Aretxabaletako gaiteroen dianaren eta komentuko lorategian egingo den doke txapelketaren ostean, herri kirolak izango dira, 13:00etan, Herriko Plazan. Aretxabaletako Udalak jakinarazi duenez, egunean bertan jakingo da zein kirolari izango diren bertan.

Lehen atalean erakustaldia izango da: aizkolariak, ingude jasotzea, lasto jaurtiketa, harri jasotzailea eta txinga eramailea, txingekin erakustaldia barne. Horrez gain, hainbat erronka ere izango dira: ingudea, aizkora, harri jasotzea, trontza eta korrika. Bigarren atalean, berriz, bi talderen arteko norgehiagoka izango da, non motozerra proba eta harri jasotzaileen agurra izango diren ikusgai.

Gune Morea Mitarten

Beste urte batez, Gune Morea jarriko dute zapatuan, Mitarte kalean, 19:00etatik 01:00ak arte. Hain zuzen ere, informatzeko, zalantzak argitzeko, edozein gorabehera eta eraso artatzeko gunea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak