Eme.ki musika taldea Leire Lezeta eta Dorleta Ezeiza eskoriatzarrek eta June Guenetxea aretxabaletarrak osatzen dute. Hasiera batean, Lezeta eta Ezeiza elkarrekin jotzen hasi ziren, Eskoriatzako talentu berriei lekua emateko ZeDemontre izeneko lehiaketan parte hartzeko aitzakian. Hala ere, biak konturatu ziren zerbait falta zitzaiela, eta Maixa Lizarribarri –euren irakasleari– galdetu zioten ea talderako egokia zen norbait ezagutzen ote zuen. Hark Guenetxearen izena proposatu zien, eta horrela osatu zen
Berriz Aretxabaletan
Ordutik hona, Eskoriatzan, Legution, Arrasaten eta Aretxabaletan bertan, Portasolgo jaietan, zuzeneko kontzertuak eman dituzte. Hala, berriz izango dira Aretxabaletan; hain zuzen ere, zapatu honetan, 13:00etan. San Migel jaiak girotzeko ardura izango dute Mitarte kalean egingo duten emanaldian, eta bertan erromeria kantuak izango dituzte herritarrek entzungai; aspaldiko kantu klasikoak eta baita modernoagoak ere, gaur-egungoak.
Izen berezia, aproposa
Taldearen izenaren jatorria bitxia dela dio Dorleta Ezeizak, taldeko musikariak: "Emeki hitzaren esanahia topatu nuen behin, eta egunen batean zerbait sortuz gero izen egokia izango zela pentsatu nuen. Eta honako proiektu hau atera zenean, taldekideei proposatu eta gustatu egin zitzaienez, aurrera egin genuen. Emeki hitzak poliki-poliki esan nahi du, eta hitz-jokoa erabiliz sortu genuen Eme.ki: hiru eme, gustatzen zaiena poliki-poliki sortzen".
Euskal kantak soilik
Euskal kantutegitik edaten dute Eme.ki taldeko neskek, eta abesti tradizionalak eta gaur egungoak lantzen dituzte, betiere euskaraz, euren ukitu bereziarekin. Kontzertuetan erromeria giroa izaten dela nagusi azpimarratu dute, eta sarritan ikus-entzuleak dantzan jartzen dituzte: "Abesti batzuek jatorrizko soinua mantentzen dute eta beste batzuei, berriz, ukitu propioa eman diegu, Maixaren laguntzarekin. Gustatzen zaizkigun kantuak jotzen ditugu, euskaraz".