Kantu oso ezagunekin osatutako errepertorioa gertatu du Aretxabaleta Abesbatzak sanmigeletarako, pieza guztiak zarzueletakoak: Jesus Guridiren El caserío, Pablo Sorozabalen Katiuska eta La tabernera del puerto, Georges Bizeten Carmen obrako habanera bat eta Don Gil de Alcala-ko beste bat eta La leyenda del beso obrako Amor de hombre abestia, Mocedades taldeak ezagun egin zuena. "Herritarrek oso gustura entzungo dituztela uste dugu, entzute handiko pieza ezagunak direlako guztiak", adierazi du Angel Barandiaranek, abesbatzako kide eta zuzendari ohiak.
Etxeandia eta Aizpurua
Gaur-gaurkoz, ia 30 abeslarik osatzen dute abesbatza: zortzi sopranok, beste zortzi kontraltok, bost tenorek eta zortzi baxu-baritonok. Oraingo emanaldian bakarlari nagusiak izango dira Imanol Aizpurua baxua eta Mari Karmen Etxeandia sopranoa, eta beste hainbat kidek ere abestuko dute bakarka; esaterako, Maider Garaik eta Etxeandiarekin batera Mariatxen Urkiak ere bai abestiren bat edo beste. "Arropa eta koreografia zaintzen ahaleginduko gara, abesti bakoitza girotzen laguntzeko; dantza edo mugimendu apur bat ere egongo da".
Emanaldi askotan bidelagun izan ohi duten Jose Luis Franzesena azpeitiarrak ez du hutsik egingo oraingoan ere, pianoan, eta haren seme Unai perkusioan izango da. Zuzendari ardura, ostera, Urkiak du. "Harengan utzi dut ardura osoa nik, eta benetan lan handia egiten dabil; nik albotik egiten diot jarraipena abesbatzari", gaineratu du Barandiaranek.
Parrokian, debalde
Irailarekin batera hasi zituzten entseguak eta buru-belarri dihardute horretan azken asteotan, kontzertua "gogotsu eta mimo handiz" gertatzen. Iaz legez, Andre Marian Zeruratze parrokian egingo dute emanaldia, irailaren 28an, 19:00etan. Ez da sarrerarik hartu beharrik izango, eta herritarrak gonbidatu dituzte, musika lagun, "arratsalde atsegina" pasatzera.