Iazko urteurren borobilaren ondotik, 31.ez dantzatuko dute Beinke Loramendi dantza. 80 lagunen muga jarri dute aurten, elkarri trabarik ez egiteko, eta leku guztiak beteta ekin diete entseguei. Loramendi euskara elkartea da antolatzailea, baina Troxka taldearekin dihardu elkarlanean, eta hari pasatu dio ardura. Azken entsegua datorren eguenean, hilaren 25ean, egingo dute Herriko Plazan –txistulariek lagun eginda–, 19:00etan; ekitaldian parte hartu gura dutenek derrigorrez joan beharko dute horretara.
Beinke eta Loramendi elkarteen bateratzea irudikatzeko sortu zen dantza. Jose Ramon Vitoria musikari arrasatearrak konposatutako doinuekin Aretxabaletako dantza taldeak prestatu zituen pausoak, eta, besteak beste, fandangoa, arin-arina eta balsa ditu oinarri. Hitzak jarri zizkioten Jon eta Aitor Sarasua eta Jon Iñaki Izarzelaia bertsolariek, baina aurten ez da abestuko.
Beinke Loramendi dantzaren ondoren, Larrain dantza egingo da, ohi legez. Eta edonork parte hartu ahal izango du hor.
Troxka, dantzarako gogotsu
Troxka taldeak orain urtebete inguru hasi zuen ibilbidea, euskal dantzekiko zaletasunak bederatzi gazte elkartuta. "Gehienok umetan dantzari izandakoak gara, eta bagenuen gogoa euskal dantzei berriz ekiteko", azaldu du Uxue Uribetxebarria kideak. Harekin batera elkartu dira taldean Jokin anaia, Ixak Sarasua, Amaia Irure, Laura Igartua, Haizea Arrieta, Oihane Iturbe, Haizea Bengoa eta Leire Barbero.
Izena ez zuten edonola aukeratu: "Ugastegin badago Troxka izena duen ur-jauzi bat; berbak berak salto txikia esan gura du, eta dantzan ere egiten direnez jauziak, aproposa iruditu zitzaigun". Hurrengo pausoa entseguetarako toki bat lortzea izan zen: "Kuartelean egin genuen eskaera, eta baietza eman ziguten; Jaikikoekin, gaiteroekin eta txalapartariekin konpartitzen dugu aretoa". Eguenetan dute ezarrita entsegu-eguna, baina libre dagoen guztietan jo dezakete hara.
Hiru aste barru, urriaren 11n, lehen erakustaldia egingo dute jendaurrean, Kuartela kultur elkarteak urtero antolatzen duen jaialdiaren baitan; aurten, Otala Zelain izango da. Gogotsu dabiltza ordurako prestatzen: "Hori pasatutakoan, taldera batzeko dei egingo dugu, badakigu-eta jendeak interesa duela. Irakasle bat topatuz gero bikain, baina gaur-gaurkoz ez dugunez, geure artean antolatzen gara elkarri erakusteko". Inolako konpromiso barik, baina ikasteko gogo handiarekin eta giro polita lagun izanik, lanean jarraitzea dute helburu.