Loramendik talo-txosna jarriko du aurten ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ira. 24a, 17:00

Talo-txosnan urteetan lan egindako emakumeei iaz egindako aitortza.

Ilarak egingo dira, beste behin, Mitarte kalean sasoi batean bodega izandako lokalean. Taloak salduko ditu Loramendi elkarteak. txistordunak eta hirugihardunak eskatzen ditu jendeak gehien. Boluntarioak behar dira txandak betetzeko.

Ez dago azokarik talo-postu barik, eta Aretxabaletako sanmigeletan Loramendi euskara elkarteko talo-txosnak emango du gutizia hori asebetetzeko aukera aurten ere. Azken urteetan ohikoa duten moduan, Mitarte kalean jarriko dute txosna: hau da, sasoi batean bodega izandako lokalean. 10:00etan hasiko dira lanean lehen txandako boluntarioak, eta txosna 11:00etatik 14:30era izango da zabalik. Aurreikuspena da aurten ere ilarak egotea. "Lana pilatu egiten zaigu; izan ere, jende gehiena antzerako orduan etortzen da, 11:30 bueltan", azaldu du Jasone Gorroñok.

Beste emakume askorekin batera urte mordoa daramatza txosnan boluntario-lanetan. Loramendi euskara elkartearen barruan egon zen Tril emakume elkartekoek ekin zioten talo-txosnari, 90eko hamarkadan, eta, urtea joan urtea etorri, asko dira boluntario lanetan jarraitzen dutenak. "Boluntario gehienak orduan hasitakoak gara, eta jarraitu egiten dugu. Gustatu egiten zaigu gure aletxoa jartzea", aitortu du Gorroñok.

Urte hauetan guztietan egindako lana eskertzeko, aitortza jaso zuten sanmigelen osteko afarian iaz. "Badator jende gaztea atzetik. Hasieran, eta erreleboa lantzeko, umeak ere sartzen genituen txosnan, ikas zezaten, baina egiten zutena baino lan handiagoa ematen zuten, eta baztertu egin genuen ideia hori. Zorionez, bada laguntzera etortzen den jendea". Goiz hasiko dira lanean azoka egunean, txosna zabaldu orduko guztiak prest egon behar du eta. "Maza egitea izango da lehenengo egitekoa, eta gero, taloak prestatzea".

Txistor-taloa, gustukoena

Txistorra eta hirugiharra izango dituzte talo-txosnan azoka egunean. "Txistorduna eskatzen du jendeak gehien, eta gero, hirugiharduna. Bada jendea txokolateduna-eta eskatzen hasi dena, eta izaten dugu, baina gutxi", esan du Gorroñok. Boluntarioak behar dira oraindik txandak osatzeko; interesatuek Loramendi elkartera deitu edo idatzi behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak