Igotz Mendez 'Hofe': "Zirraragarria da jendea norbere musikarekin gozatzen ikustea"

Mireia Bikuña 2025ko ira. 24a, 08:00

2025ean egiten diharduen biraren baitan, geldialdia egingo du
Igotz Mendez Hofe iruindarrak, hilaren 26an, 23:00etan. Kantu ezagunen errepertorioarekin egingo du zuzenekoa, Mitarte kalean. Hirugarren diskoaren prestaketa-lanak eta zuzenekoak bateratzen dihardu iruñeko musikariak.

Nolakoa izango da hilaren 26ko kontzertua?

Denbora dezente daramagu zuzenekoak ematen, eta emanaldi landua dugula uste dut. Alde horretatik, lasai gaude. Baina, duda barik, jendeak disfrutatzea eta ondo pasatzea da gure helburu nagusia. Festa bat izatea gura dugu. Musikak gauza on asko ditu, eta horietako bat da jendea nire musikarekin gozatzen ikustea.

Oraindik harritu egiten zara jendea zure abestiak abesten ikusten duzunean?

Bai. Ez daukat barneratuta. Zirraragarria da ikusleak disfrutatzen ikustea, baina askoz zirraragarriagoa kantuan entzutea. Hasieratik bukaerara dakizkite hitzak, eta ikusgarria da. Ziurrenik, normalizatuta eduki beharko nuke, baina oraindik
ere harritzen nau.

Eta zeure burua irratian behin eta berriz entzutea?

Hori ere bai. Lagunek esaten didate normala dela hori. Adibidez, uda honetan Jimena Amarillorekin grabatutako Panpin bat bezala. Zoramena izan da. Jimenarekin grabatu aurretik, askotan entzun izan dut etxean, eta banekien kantu ona zela. Baina ez nuen iragarriko hainbesteko oihartzunik izango zuenik. Gainera, Jimena Amarillorekin grabatzea gozamena izan da. Modu naturalean grabatu genuen, Orozkoko Artiñano Etxean. Bideoklipean ikusten da naturaltasun hori.

Jimena Amarillo euskaraz kantuan ikusi dugu; baita zu ere. Euskara beti dago presente zure kantuetan.

Prozesu naturala da niretzat. Egunerokotasunean gaztelera eta euskara erabiltzen ditut. Zorionez, geroz eta gehiago entzuten da euskara Iruñean, baina gaztea nintzenean, oso gutxi. Euskara erabiltzea ez da aldarrikapen kontua; niretzat oso
naturala eta normala den zerbait da. Eroso eta gustura nago euskaraz abesten.

2020an Amodioa EPa kaleratu zenuen, eta ostean, Amorrua; sentimenduen trilogia ixtea falta zaizu?

Ez da egongo hirugarren sentimendurik. Amodioa-rekin eta Amorrua-rekin itxi dut zirkulua. Amorrua izan zen Amodioa-ren gehigarri moduko bat. Lehen lanak bigarrenera eraman ninduen; bigarrenerako atea zabalik utzi zidan. Baina ez dut uste
hirugarren bat behar duenik. Fase hori itxita dago.

Lan berria kozinatzen diharduzu; nolakoa izango da?

Aurreko biekiko ezberdina izango da. Hoferen esentzia beti egongo da, baita hurrengoan ere, baina lan egiteko moduak aldatu egin dira. Musika zukutzea gustatzen zait, eta neure burua noraino eraman dezakedan ikustea. Era berean, geroz
eta erreminta gehiago ditut lan egiteko, eta hori nabaritu egingo da disko berrian. Hortaz, orain esku artean daukadan lanak beste itxura bat izango du, baina esentzia galdu barik. Hori bai, ez dauka izenik oraindik.

4:40 (Xabier Lafuente eta Marcos Galech) zurekin egongo dira lan berrian?

Zoritxarrez, ez. Beste hainbat ekoizle egongo dira, baina Xabier Lafuente eta Marcos Galech ez.

Hofe x 4:40 izenarekin ezagutu zintugun 2020an; zer izan da 4:40 zuretzat?

Marcos Galech ezagutzen dut 13 urte nituenetik. Nik egindako lehen kontzertuan egon zen, eta haren estudioan grabatzea eskaini zidan. Ostean, Nibbass kolektiboan egin genuen lan elkarrekin. Beraz, lagunak gara eta elkarrekin egin dugu lan hainbat urtean. Ezinbesteko pertsonak izan dira niretzat, bai musika alorrean eta baita egunerokotasunean.

Hitzak idazterakoan edo musika sortzerakoan zertzuk dituzu inspirazio-iturri?

Inguratzen nauen edozerk balio dit. Edozein gauzak edo egoerak inspirazio gisa balio dit. Dena xurgatzen dut. Era berean, egia da ez daukadala sormen-prozesu markaturik. Edozein momentu izan daiteke sortze-prozesu niretzat. Ziur aski, inkontzienteki, baina beti nabil sortzen. Kalean joan eta gustuko dudan zerbait edo iradokitzen didan zerbait ikusten badut, mugikorreko oharretan idazten dut. Neure buruarekin sortutako Whatsapp talde bat daukat, eta horra bideratzen ditut inspirazio-ideia guztiak.

Zure mugikorra altxorra da, orduan.

Mugikorra denetarako erabiltzen dut, baina batzuetan buruko minak ematen dizkit. Aurreko telefonoa apurtu egin zitzaidan, eta ezin izan nuen informazioa terminal berrian klonatu. Beraz, apuntatuta neuzkan ideia guztiak galdu egin ziren. Espero dut aurrerantzean sortzen zaizkidan ideia berriak telefono zaharrean nituenak baino hobeak izatea.

Zein da bete gurako zenukeen amets bat, Igotz?

Egia esan, txikitan nituen amets batzuk bete dira, eta beste batzuk beteko direla espero dut; bai, musika munduan eta baita egunerokotasunean ere. Baina gurasoei etxe bana erosi gura nieke, herri txiki batean, lasai bizi daitezen: ardura eta presio barik, hil bukaeran diruari begira egon barik. Euren gustuko gauzak egiteko aukera izan dezaten. Amets eder hori bete gurako nuke.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak