Azoka, sanmigeletako urteroko protagonista

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 24a, 15:00

Ekoizleak eta herritarrak, iazko artisautzaren eta nekazaritzaren azokan. Irudia: Goiena.

Aretxabaletako San Migel jaietan artisautzaren eta nekazaritzaren 30. azoka egingo dute, eta 52 postu izango dira; ganadu feriak, berriz, hamargarren aldia izango du.

Irailaren 26tik 28ra, egubakoitzetik domekara bitartean, ospatuko dituzte Aretxabaletako sanmigelak, eta, ohi den moduan, zapatuan egingo dute artisautzaren eta nekazaritzaren azoka; aurten, gainera, urteurren borobila izango du, 30 urte beteko baititu; hala ere, ez da ekintza berezirik izango, Udalak jakinarazi duenez. Horrez gain, aldi berean egingo da ganaduaren feria. Bi eremu horietan zertaz gozatua izango dute, horrenbestez, herritarrek.

52 postu jarriko dituzte ekoizleek eta artisauek, iaz baino bat gehiago, Durana eta Mitarte kaleetan eta Herriko Plazan. Elikagaiak izango dituzte salgai bederatzi postutan –Udalak emandako datuen arabera, Biolurren izenean bost ekoizlek hartuko dute parte, eta produktu ekologikoak izango dituzte–, eta askotariko produktuak, berriz, gainontzekoetan: bitxigintza, arropak eta oihalgintza, egurrezko tresnak, kosmetika eta xaboiak, panpinak, poltsak eta bestelako osagarriak, ilustrazioak, bordatuak eta mexikar produktuak, esate baterako.

Herritarrak azokan

Herritarrak ere, urtero legez, protagonista izango dira azokan, erakusmahaiak jarriko dituzten nekazari eta artisauetako asko aretxabaletarrak baitira. Udalak dioenez, zehazki, hiru izango dira azokan egongo diren Aretxabaletako ekoizleak, eta hamar, berriz, artisauak. Horrez gain, han izango dira Kurtzebarri eta Almen-Arizmendi ikastetxeetako partaideak ere, eta baita Aratz eta Debatea elkarteetakoak –zozketa baterako txartelak salduko dituzte–. Iker Gabilondo aretxabaletarra ere han izango da, forja-erakustaldia egiten.

Ganadu-feria, lekualdatuta

Hamargarren aldia izango du ganadu-feriak aurten, eta Dura- na kalearen hasieran kokatuko dituzte animaliak, lanak egiten baitabiltza Arlutz gunean, orain arte egin den lekuan. Maria Arantzazu Del Fresnok, Juan Andres Arenazak, Jose Ramon Alberdik, Julia Jorgek eta Ibai Alberdik hartuko dute parte, eta honako animalia hauek egongo dira ikusgai: sei ardi latx, sei sasi ardi, hiru mendi behor, hiru pottoka, hiru behi piriniotar, hiru terreña behi eta sei ahuntz azpigorri.

Azokaren bueltako hitzorduak

San Migel jaietako izarretako bat izan ohi da azoka, eta horrela izango da aurten ere. Hala ere, badira horren bueltan antolatzen dituzten beste hainbat ekintza ere; esate baterako, txistularien diadak emango dio hasiera artisautza, nekazaritza eta bertako ganaduaren feriari, 10:00etan. Leizarra Musika eta Dantza Eskolako trikitilariek ere ez dute hutsik egingo, kalejiran arituko baitira kalez kale, 11:30ean hasita; 12:30ean, berriz, Lekaixoka bertso eskolaren eskutik, bertso saioaz gozatzeko aukera izango da Mitarte kalean, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo bertsolariak bertsotan arituko baitira balkoitik balkoira. Txalapartariak eta Iturengo joaldunak ere han izango dira: Durana kalean arituko dira txalaparta jotzen, 12:45ean hasita; eta joaldunak, berriz, 13:00etatik aurrera, herriko erdiguneko kaleetan. Azkenik, joaldunen ordu berean, elkartasun bazkariaren aurretik, Emeki taldeak alaituko du giroa. Loramendi euskara elkarteko kideak ere azokaren bueltan izango dira, 11:00etatik aurrera, taloak salduko baitituzte eguerdira bitartera arte.

Udalak balkoietan eta leihoetan ikurrinak jartzeko eskaria egin die herritarrei, eta, nola ez, baita kalera baserritar jantzita irtetekoa ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak