53 edukiontzi erre dituzte Aretxabaletan, aurten, eta "komunitate osoaren lankidetza" eskatu dute Udaletik

Mirari Altube Arrese 2025ko ira. 9a, 17:40

Edukiontziak erretzen Andramari auzunean, irailaren 3an.

Hamabost edukiontzi-sute izan dira 2025ean Aretxabaletan, eta 53 edukiontzi erre dituzte, kalteak eraginez kaleetan, argiterian eta hiri-altzarietan. Udal Gobernu Taldeak irmoki gaitzetsi ditu ekintzok prentsa-ohar bidez, "herritarren segurtasuna arriskuan jartzen dutelako eta bizikidetza kaltetu" eta "komunitate osoaren lankidetza" eskatu du.

Etenik gabe erre dituzte edukiontziak Aretxabaletan, aste barruan zein asteburutan; azken zazpi egunetan, esaterako herriko bi guneri eman diete su. Udal Gobernu Taldetik jakinarazi dute guztira hamabost edukiontzi-sute izan direla aurten, 53 edukiontzi errez. Eta kalteak are gehiago: "Espaloietan, errepideetan, edukiontzien euskarrietan, zuhaitzetan, argiteria publikoan. Eta arriskua sortu dute, inguruko ibilgailu eta etxebizitzentzat". Egoera horrek "haserrea, ezintasuna eta segurtasun falta eragin ditu herritarren artean", eta Udal Gobernuak ere partekatzen du hori.

"Zentzugabeko ekintza horiek" irmoki gaitzetsi dituzte: "Gure herriaren bizikidetzaren aurka egiten dutelako eta kalte egiten dietelako Aretxabaletako herritarrei. Izan ere, ondasun komunak kaltetzeaz gain, zerbitzu publikoen baliabideak murrizten dituzte". Eta azken bost urteetan edukiontziak erretzeak izan duen kostuarekin finantzatu ahalko liratekeenak aipatu dituzte: Andramari eta San Migel jaiak antolatu, ia sei hilabeteko etxez etxeko arreta-zerbitzua eskaini (6.000 ordu), kirol elkarteen dirulaguntzak bi urtez bideratu edo sei hilabeteko kale-garbiketa zerbitzua ordaindu.

Komunitatearen lankidetza

Udalak dituen "baliabide guztiak" jarri dituztela martxan hasieratik adierazi dute prentsa-oharrean: "Eta etengabeko lankidetza mantentzen du Ertzaintzarekin, Aretxabaletako segurtasun publikoaren arduradun baita ekintza hauek gertatu diren uneetan".

Lanean jarraituko dutela gaineratu dute, "eskuragarri dauden zerbitzu guztien koordinazioa sustatuz" egoerari amaiera emateko: "Azpimarratu nahi dugu ekintza hauek Aretxabaletaren eta herritarren aurka egiten dutela, eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa dela komunitate osoaren lankidetza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak