Taldearen trantsizioaren erakusle, disko berria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ira. 8a, 12:00

Nhil taldea, gaur egun. Argazkia: Maitane Campos.

Irailaren 9an, martitzena, argitaratuko du Aretxabaletako Nhil taldeak zazpi abestirekin osatutako Etxea lana, taldearen hirugarrena; herriko komentuko lorategian aurkeztuko dute irailaren 12an, eta Eskoriatzako Errekan gora jaialdian izango dira irailaren 21ean.

Urte eta erdiko atsedenaldiaren ostean, bueltan da Nhil taldea; disko berria eskuetan eta taldekideak aldatuta. "Beñat Arrieta gitarra-joleak eta Lia Garai saxofoi-joleak taldea utzi dute, eta Peio Uribetxebarriak eta Irene Ruiz de Austrik hartu dute, hurrenez hurren, haien lekukoa. Pozik gaude orain, indarberrituta sentitzen gara, gogotsu eta ideia berri askorekin", azaldu du taldeko abeslari eta piano-jole Sara Alonsok.

'Etxea', hirugarren lana

Aztarnak estreinako lana argitaratu zuten 2020an, eta 2022an, berriz, 40tik gora kontzertu egiteko bidea eman zien Bizi bagina bezala izenekoa; eta bihar, irailaren 9an, argitaratuko dute hirugarren lana, Etxea. "Argi-ilunak ditu, baina disko lasaia geratu da. Bada, modu batean, azken hilabeteetako isla, disko trantsizional moduan ere definitu daitekeena; izan ere, aurreko taldekideek eta berriek, guztiok batera grabatu dugu".

Tarragonako Banyeres del Penedes herrian dagoen La Casa Murada estudioan grabatu zuten, Santi Quizhperen gidaritzapean, apirilean, aurretik Elizondok borda batean egindako talde-egonaldian kantuak sortu ostean: "Astebete egin genuen elkarrekin, eta gure etxe bihurtu zen estudioa, eta hala izan zen ekoizpen garaiko borda ere; hortik bada bildumaren izena".

Zazpi kantu guztira

Sei kantu berri eta aurreko lanean argitaratutako kantu baten moldaketarekin osatu dute disko berria: "Zuzenean kantu horri moldaketa batzuk egin genizkion, eta bertsio horretan jaso dugu oraingo bilduman.

Gainontzeko kantuak, orokorrean, oso barnerakoak dira, argi-ilun asko dituzte; Ezer zor nahi da positiboena dela esango nuke. Diskoa modu berezian borobildu dugu; azkeneko kantua Beñati eta Liari eskainitakoa da". Aurreko lanean, Mikel Etxabururen poema batean oinarrituta sortu zuten Ahaztu baino lehen izeneko kantua, eta lan berrian bi enkargu egin dituztela gaineratu du abeslariak: "Ane Zuazubiskarri eskatu genion sortuta genuen melodia baterako hitzak idazteko, eta Ezer zor nahi sortu zuen, eta Izaro Bilbaorenak dira Desio bat kantuaren hitzak".

Aurreko lanean egindako saiakeraren bidetik, oraingoa oso gordina dela gaineratu du abeslariak: "Zuzenean, denok elkarrekin grabatu ditugu kantu guztiak. Lanketa handia izan da hori. Zaila da abestiak estilo zehatz batean kokatzea; popa da oinarrian, baina ez pop komertziala, estilo askoren nahasketak ditu, soula eta gehiago, gure aurreko lanetan erakutsi izan dugun moduan, gure erreferentziak ere askotarikoak dira eta".

Formatu fisikoan eskuragarri

Sarean dagoeneko estreinatu dituzte bi kantu, gaur egungo joerari eutsiz, bideoklip formatuan: "Apustu bat izan da, bereziki, ekonomikoki, baina merezi izan du, garrantzia eman nahi diogu-eta irudiari ere, soinuaz gain. Maitane Camposekin grabatu genuen, lehenengo, Ezer zor nahi-rena, eta Beñat Abasolorekin grabatutako Desio bat estreinatu dugu ondoren. Gustura gaude izan duten harrerarekin".

Binilo eta CD formatuan jarriko dute salgai, eta kontzertuetan izango dira merchandising berriarekin batera eskuragarri.

Debagoienean bi kontzertu

Abendura bitartean hainbat kontzertu dituzte lotuta, baina argi zuten Aretxabaletan egin gura zutela lehenengoa: "Toki kuttuna da komentuko lorategia guretako; eguraldi txarra eginez gero, bertako aretoan joko dugu, eta sarrera dohainik da. Irailaren 21ean, domeka eguerdian, Eskoriatzako Errekan Gora musika jaialdian jotzeko ere oso gogotsu gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak