Herritar guztien nahiak asetzeko asmoa duten musika emanaldiak eta ikuskizunak izango dira andramaixetan, bost egunez.
Udaleko Kultura Sailak antolatu ditu horietako batzuk. Aurkezpenik behar ez duen Anje Duhaldek euskal abesti ezagunekin beteko du Herriko Plaza –abuztuak 14, 20:30–. Andramari egunean, Balkan Paradise Orchestra (BPO) Kataluniako taldeak, haize eta perkusio instrumentutan oinarritutako taldeak, energia eta umore handiarekin betetako emanaldia egingo du –abuztuak 15, 22:30– Eta egun horretan Milagroko bandak ere ez du hutsik egingo –abuztuak 15, 13:30, Durana kalea–.
Hurrengo egunean, Gozategi taldeak erromeria giroa sortuko du –abuztuak 16, 22:30–. Eta aurretik, Txita Sound System (TSS) eta DJ Rosa kaleak girotzen arituko dira.
Kuadrillen egunean D'Capricho bikote kubatarrak dantzarako musika alaia eroango du Mitarte kalera –abuztuak 17, 12:30–, eta iluntzean, Oinutsik taldearekin erromeria izango da kale horretako oholtzan –abuztuak 17, 20:00–. Jaiei amaiera emango die Oilar Beltzak taldeak, aretxabaletar askoren gustuko diren rantxerak abestuta –abuztuak 17, 23:00, Herriko Plaza–.
Txosnaguneetan beste estilo batzuk
Eroski supermerkatuaren inguruan kokatuko diren bi txosnaguneetan hilaren 13an ekingo diete jaiei eta ez da faltako musikarik horietan ere.
Atxabaltako Gazte Mugimenduak antolatuta Danel Sarasua, Zuriketan beltz eta Larru Beltzak izango dira hilaren 13an; La Txama eta Glutenbakuak, 14an; Zirrara, Trigger, Andriginia eta Bulkada, Andramari egunean; Zerendepya, Orei eta Perlata, hilaren 16an; eta Bixentak, IToys -Itoitz taldearen tributoa-,eta Ahantzi erromeria , Kuadrillen egunean.
GuGeu txosnagunean, ostera, Irten-Bide, Lepue zapaldu, Oihu eta DJ Komando Sesera izango dira hilaren 13an; Emblesko, Anixe, Mutiko eta Golden 21K, hilaren 14an; Gypsi La Merced, 15ean; Gozzue eta Kaparrak hilaren 16an; eta DJ Karapaixo jaiak bukatzeko, Kuadrillen egunean.