Irati Betegi eta Aritz Zugasti pilotariak gertu, jaietako erakustaldietarako

Mirari Altube Arrese 2025ko abu. 9a, 10:05

Herrikideen eta zaleen aurrean jokatuko dute beste urte batez, andramaixetan, Irati Betegi eta Aritz Zugasti pilotariek. Pozik daude biak ala biak, "etxean jokatzea" beti delako berezia: "Gainera, etxeko zaleen animoak eta babesa oso garrantzitsuak izaten dira partidua irabazteko".

Abuztuaren 15ean Miriam Arraizarekin osatuko du bikotea eta Udako Master Laboral Kutxa torneoko elite mailako partidua jokatuko du Iturrigorri pilotalekuan. "Aurrelari oso ona dela uste dut, jokoa ematen duena". Aurrean izango dituzte Etxegarai eta Oses oñatiarrak. "Hortaz, partidu berezia izango da, hiru debagoiendar egongo garelako kantxan". Badaki elite maila ez dela samurra: "Espero dudana da lehiatua izatea eta galdu edo irabazi ondo jokatzea, hau da, herritarren aurrean itxura polita erakustea". 

Elite mailako partidu batzuk aurretik ere jokatu ditu, eta pozik dihardu maila horretan: "Ondo sentitu izan naiz eta disfrutatzen nabil. Orain dela bi urte ez nukeen sinistuko hor egongo nintzenik baina orain, maila hori ez dut hain urrun ikusten". Etxean jokatzeak, gainera, ilusio berezia egiten dio eta orain arteko bidetik jarraitu nahi du: "Partidu gehiago jokatzen maila honetan eta nire helburuak hausten".

Pilota jaialdia 17:00etan hasiko da eta Master Laboral Kutxa txapelketaren aurretik afizionatu mailakoen arteko norgehiagoka izango da: Zugasti eskoriatzarra eta Gartzia, Etxegarai eta Erle oñatiarraren aurka.

Abuztuaren 16an, Insaustirekin

Abuztuaren 16an afizionatu mailako partidua jokatuko du Olatz Insausti antzuolarrarekin bikotea osatuta. Ondo ezagutzen du Insausti, harekin entrenatzen duelako eta dagoeneko partidu mordoa jokatu dituztelako elkarrekin. "Oso ondo ulertzen gara biok; badakigu bakoitzak zein postu duen kantxa barruan", dio. Gomez eta Perez aurkariak ezagutzen dituzte, partiduren bat edo beste ere jokatu dutelako kontra. "Beti izan dira partidu zailak eta lehiatuak. Espero dugu partidua aurrera ateratzea eta garaipena eskaintzea zaleei".

17:00etan izango da partidua eta haien ondotik jokatuko dute profesional mailakoek: Alberdi eta Salaberri, Bakaikoa eta Ugartemendiaren aurka. Eta gero etorriko da arratsaldeko partidu nagusia: Jaka eta Lizeaga, Urrutikoetxea eta Albisuren aurka.

Betegi oso pozik dago denboraldiak eman duenarekin. "Orain arteko onena izan dela esatera ausartuko nintzateke. Aurretik esandako moduan, elite mailako partidu batzuk jokatu ditut eta oso ondo sentitu naiz. Beti ez dira ondo ateratzen partiduak, eta galdu ere egin ditut, baina hortik ere ikasten da".

Hurrengo denboraldia aurtengoa bestekoa izatea eskatzen du: "Eta hobea bada askoz hobeto".

Aritz Zugasti ere "gogotsu"

UDAko harrobian hazitako Aritz Zugasti eskoriatzarrak ere jokatuko du andramaixetan. "Ilusio handia" egiten dio "etxean" jokatzeak: "Hazi naizen frontoia da eta ezagutzen dudan jendearen aurrean jardungo dut; nahiz eta azken urtean Bergarako klubarekin ibili naizen".

Abuztuaren 15ean, 17:00etan, ekingo diote pilota jaialdiari. Mikel Gartzia bergararrarekin bikotea osatuta, Oñatiko Etxegarai eta Erleren aurka jardungo du: "Andramaixak izanik, ea pilotalekura gerturatzen den jendea eta ikuskizun polita eskaintzen dugun guk". Aurretik, hilaren 13an, ere jokatuko du Beñat Elkorobarrutia aretxabaletarra lagun hartuta, Aramaioko Olaizola eta Del Camporen aurka. GuGeu txosnaguneak antolatutako partidua da eta 18:30ean ekingo diote.

 

Denboraldiari dagokionez pozik dago lortutakoarekin: "Gipuzkoako binakako txapelketan bigarren mailatik lehenengora igotzea lortu genuen Harri Oterminek eta biok". Buruz buruko eta lau eta erdiko txapelketak ere gustuko ditu: "Aurten, baina, partidu askorekin iritsi nintzen eta gura moduan prestatzerik ez nuen izan; arantzatxo hori geratu zait. Baina gainerakoan oso pozik nago eta irailerako prestatzen, dena emateko lehenengo mailan". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak