DebaTea elkarteko kideak lanez gainezka dabiltza azken hilabeteetan; gainezka, baina ilusio handiarekin. Izan ere, Uretz tabernaren ardura eman dio Udalak. Horrez gain, andramaixetan txupinazoa botatzeko ohorea izango dute.
Lanpostu eta soldata duinak
Komentuko tabernaren lizitazioa ikusi eta hara aurkeztea erabaki zuen DebaTeak –autismoa dutenekin eta haien senideekin lanean diharduen elkartea–; eta hori lortzeko, Aratz elkartearen ezinbesteko laguntza izan dute. "Esleipenera aurkezteko abala eman digu, 34.000 euro. Itzuli egingo diegu, baina interesik ordaindu gabe. Hortaz, oso eskertuta gaude", diote kideek.
Kudeaketa horrekin proiektu handiago bati heldu gura diote: aniztasun funtzionala duten helduen laneratzea. "Lanpostu eta soldata duinak eskaini gura dizkiegu", adierazi du Itziar Aranarekin batera proiektuaren arduradun izango den Oihane Llinaresek. Eta elkarteko presidente Deiane Madinabeitiak hau gaineratu du: "Era berean, integraziorako topaleku bat izan dadin gurako genuke". Horretarako, ekintza mordoa dituzte buruan: Euskaraldia, autismoaren hilabetea, LGTBIQ+ kolektiboaren eguna… "Herrigintza proiektu bat izango da, gure errealitatearen berri emanda eta laneratzea bultzatuta".
Egunero zabalik
Abuztuaren 12an irekiko dituzte Uretz taberna-jatetxeko ateak, eta orduan inauguratuko dute, 19:00etatik 21:00etara, hain zuzen ere. Taldeetan banatuta egingo dute lan; batzuek sukaldean eta besteek jendaurrean: talde bakoitzean egongo dira pertsona neurotipikoak eta neurodibergenteak. "Lanpostuak egokitzen gabiltza haiendako, eroso senti daitezen", diote, eta hau gaineratu du Llinaresek: "Osatu dugun taldearekin benetan harro eta pozik nago; eta irailetik aurrera neurodibergente gehiago izango ditugu".
Egunero zabalduko dute: astelehenetik eguenetara, 08:00etatik 21:00etara eta egubakoitzetan gauerdia arte; zapatuetan, 09:30etik gauerdia arte; eta domeketan, 09:30etik 21:00etara. Gosariak, hamaiketakoak, eguneko menuak, meriendak eta afariak –asteburuetan– emango dituzte, baita pintxoak eta errazioak ere.
Pertsonen topagunea
Erronka potoloa dela badakite: "Proiektu exijentea izango da, eta zuhurrak izan beharko dugu. Baina ilusio handiarekin gabiltza lanean eta ondo egin gura ditugu gauzak", diote. Proiektuari hasiera emateko gogotsu daude eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bai inaugurazio ekitaldira, bai handik aurrera, ez delako bakarrik adinekoendako leku bat izango, "ezaugarri ezberdinak dituzten pertsonak aberasteko topagune bat" baizik.
DebaTea: bi urte dituen elkartea
Oraindik ez ditu bi urte bete elkarteak, baina proiektu mordoari heldu diote. Zazpi lagunek osatzen dute zuzendaritza –bost ama eta bi pertsona neurodibergente– eta 65 bazkide ditu. Hiru arlotan dihardute lanean. Batetik, kontzientziazioa eta ikusgarritasuna dago: autismo eta artismo egunak... Bestetik, diziplina askotariko zentroa dago, apirilean Arrasaten zabaldu zutena: "Pauso benetan garrantzitsua izan da, terapia okupazionala jasotzeko Gasteizera edo Donostiara joan beharra zegoelako". Eta orain iritsi da helduen laneratzea. "Horiek ziren helburu nagusiak. Baina gero etorriko dira beste batzuk: aisialdia, ikasketak... Tabernak etekinik emango balu, horietara bideratuko dugu".