Felix Iñurrategi: tontorrak igo ahala, argia pizten

Goiatz Arana Begiristain 2025ko uzt. 28a, 07:02

Felix Iñurrategi, hainbatetan gozatu zuen Himalaian. Irudia: Utzitakoa.

Gaur, uztailaren 28a, 25 urte bete dira Felix Iñurrategi Iriarte alpinista (Aretxabaleta, 1967) hil zela. Hutsune handia eraginda ere, ordurako Alberto anaiarekin batera urratu zuen alpinismoa egiteko beste modu bat utzi zion euskal mendizaletasunari; eta elkartasun hazia Baltistango Hushe bailarari.

Puntua aldizkariaren 465. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Etxafuegoak botatzen zituzten, Aretxabaletan, iñurrategitarrek mendi bat igotzen zuten bakoitzean, eta hala egin zuten 2000. urteko uztailaren 28an ere. Berehala zabaldu zen herrian anaiek Gasherbrum II-ko gaina zapaldu zutela. Baina poztasunak ez zuen askorik iraun: jaisten ari zirela, amildegian behera erori zen Felix. Zorigaiztoko istripuaren berria kolpe gogorra izan zen Euskal Herriko etxe asko eta askotan; izan ere, ordurako, ezagunak ziren bi anaiak eta jendeak estimu handia zien; euren erronketako bakoitzak jakin-mina pizten zuen.

1990eko hamarkada oso arrakastatsua izan zen bi anaientzat: zortzimilako bat edo bi igo zituzten urtero, 93an izan ezik: 91n, Makalu (Nepal, 8.463 m); 92an, Everest (Nepal, 8.848 m); 94an, K2 (Pakistan, 8.611 m); 95ean, Cho Oyu (Tibet, 8.201 m) eta Lohtse (Nepal, 8.516 m); 96an, Kanchenjunga (Nepal, 8.586 m) eta Shisha Pangma (Tibet, 8.027 m); 97an, Broad Peak (Pakistan, 8.047 m); 98an, Dhaulagiri (Nepal, 8.167 m); 99an, Nanga Parbat (Pakistan, 8.125 m); eta 2000. urtean, Manaslu (Nepal, 8.163 m) eta Gasherbrum II (Pakistan, 8.035 m).

Mendian, gazte-gaztetatik

Joxe Ramon Zubizarretarena da Iñurrategi anaien proiektuetan behin eta berriz ageri diren itzaletako bat. Egun 69 urte dituen eskoriatzarrak Almen ikastolako irakasle zela ezagutu zituen Felix eta Alberto: Ekologia Txokoa sortu zutenean ikastolan, 13-14 urte inguru izango zituzten anaiek, eta orduan izan zuen Zubizarretak iñurrategitarren ezaupide zuzena. Maisuaren irudia hautsi eta ikasle haien lagun izaten hasteko balio izan zion tailerrak, eta horri esker hasi ziren elkarrekin Pirinioetara joaten ere. 1986 eta 1987. urteen artean Alpeetara jo zuten anaiek; Yosemite Parke Nazionala izan zen hurrengo deskubrimendua, 1989an; eta, ondoren, Himalaia aldera egin zuten, 1990ean; 7.161 metroko Pumori mendira igo ziren. Haren ostean, zortzimilakoak iritsi ziren.

Ezagutu zutenen ahotik: Josu Bereziartua, alpinista



Azpeitikoak 1990ean izan zuen lehen harremana Iñurrategi anaiekin, Everesteko hego- mendebaldeko horma igotzen saiatzen zebilen euskal espedizio bateko kide zela: Pumori mendia igo eta gero, bisitan joan zitzaizkien oinarrizko kanpamendura. 1996an, "proiektu oso interesgarri bat" proposatu zioten: Shisha Pangmako britainiarren bidea igotzea, estilo alpinoan. "Estilo askoz konprometituagoa da, edozeinek egin ezin duena, ezta edozein modutara ere. Zailtasunak sortu ahala gainditu behar dira", azaldu du Bereziartuak. Ibilita zegoen estilo horretan, baina inoiz ez zortzimilako batean: "Halako tripako hazkura bat sortu zidan, baina eurak sentitu nituen hain seguru eta hain indartsu, ez nuen zalantzarik izan. Baina aitortu behar dut inoiz hartu dudan erabaki nagusienetako bat izan zela. Mendia egiteko modu berritzailea eta ausarta zeukaten eta bien artean gaitasun handiko kordada egiten zuten. Eurekiko estimu eta miresmen handia sortu zuten nire baitan".

Hirurak elkarrekin izan ziren Everesten, 92an, eta Zubizarretak gogoan dauka zenbaterainoko xehetasunekin prestaturik eraman zuten bidea. "Mila bider tontorrean egonda zeuden, tontorrera iritsi aurretik", kontatu zion Ikastola aldizkariari 2000. urteko urrian. Eta espedizio hura baino lehenagoko beste anekdota bat ere ekarri zuen gogora: "Pumorira joateko, Euskal Mendi Federazioaren baimena behar zuten, eta, Pako Iriondo presidentearengana joan zirenean, hark bi galdera egin omen zizkien: aitak eta amak ba al zekiten nora zihoazen eta ea bazekiten zenbat metro zituen Pumorik". Euren gaztetasunean helduak zirela erakutsi zuten anaiek, ordea: "Espedizio bakoitzean aurrekoetan ikasitakoa aplikatzen zuten. Eguneroko bat idazten zuten aldiro, euskaraz, eta aztertu egiten zuten gero". Heldutasuna, ausardia, eskaladarako eta alpinismorako trebetasuna edota altuerara erraz egokitzeko gaitasuna zituzten ezaugarri; apaltasuna eta zintzotasuna ahaztu barik. Horrela gogoratzen dute Felix ezagutu zutenek, eta izateko modu hori ez zen oharkabean pasa haren betirako lo-leku izatera igaro zen Himalaiaren magalean ere.

Baltistan fundazioa

Goi mendietan ibili ziren urteetan barrena, eta harreman estua egin zuten euren espedizioetan zamaketari lanetan aritzen ziren lagunekin; Baltistango Hushe haranekoekin, nagusiki. Eta euren etxeetara egindako bisitetan izandako elkarrizketetatik eta han ikusitakoetatik abiatuta, Felix hil eta urtebetera, hura gogoan izateko eta haran hartako komunitateetan bizi diren pertsonen giza garapena sustatzeko, Felix Iñurrategi Baltistan fundazioa sortu zuten.

Ezagutu zutenen ahotik: Edu Uribesalgo, Ternua Group-en sortzailea



1992a zen Iñurrategi anaiak Everestera joateko laguntza bila joan zitzaizkienean Arrasateko Kirolak-era, eta orduan hasitako erlazioak gaur egunera arte jarraitu du. 94an, Ternua marka sortu zutenean, Iñurrategi anaiek arropa eta ekipamenduen diseinuan eta hobekuntzan parte hartu zuten: "Ternuak materialak probatzen zituen espedizioetan, eta feedback hori produktuaren kalitatea hobetzeko baliatzen zuen, muturreko baldintzetara egokitzera ailegatuz". Ternua markaren nortasuna sendotzeko "oinarrizkoak" izan zirela dio: "Haien bidez, Ternuak ez zuen soilik mendiko ekipamendu ona eskaintzen, lotura emozional sakon bat eraiki genuen gure komunitatearekin". Felixek utzitako arrastoaz galdetuta, haren eta Ternuaren "ikuspegiak bat" zetozela adierazi du, eta euren artekoa "elkarrekiko errespetuan eta konfiantzan oinarritutako aliantza" bat izan zela. Ternuak istorio bat kontatu nahi zuen eta Felix protagonista natural eta ezin hobea zen. 

Alberto anaiarekin eta espedizioetako bidelagunekin batera, Debagoieneko hainbat lagun batu ziren proiektura; Inazio Arregi, tartean. 2000. urtean Pakistanen ezagutu zituen Arregik (Oñati, 1951) iñurrategitarrak, espedizio hari Gasherbrum II-ko kanpaleku nagusirako gerturatze prozesua egin zion Jon Lazkano bergararraren Banoa bidaia agentziak antolatutako trekking batean zela, eta ordutik harremana du Albertorekin. "Ezagutu genuen errealitatea hobetzea genuen fundazioan helburu; eta Felix Iñurrategiren figura, ipar". Figura horren bueltan Baltistanen bertan abian jarritako fundazioarekin eskuz esku, askotariko proiektuak eraman zituzten aurrera, 2001ean hasi eta 2024an disolbatzeko erabakia hartu zutenera arte; nahikoa lagundu zutela eta gidaritza komunitateko kideek hartu behar zutela uste izanda hartu zuten erabakia: "Gure ahalmena agortzen ari zela ikusten genuen, eta eurek beste urrats bat egiteko unea zela". 23 urtez egindako ibilbidea ikusteak "poztasuna" ematen diola aitortu du Arregik, "eskualde baten garapenean aurrerapausoak emateko balio izan" duelako eta "aitortua eta eskertua" izan delako: "Ordura arte, han ez zegoen halakorik ezer. Argi bat ikustea izan zen hangoentzat".

"Gobernuak 1948tik egindakoa baino gehiago"

Horrela laburbildu du fundazioaren 23 urteko lana Ishaq Akhond-ek (Hushe harana, 1983), eta askotariko proiektuei egin die erreferentzia; neskak eskolaratzearekin lotutakoari, adibidez: "Hemen ez zegoen neskak eskolara bidaltzeko kulturarik, inbertsio txar moduan ikusten zen, handitzen zirenean ezkondu eta beste batzuen etxeetara joango zirelako bizi izatera. Baina mutilek bezainbeste eskubide daukatela defendatuz, alabak eskolara bidaltzeko urratsa egindako familiei horrek zekartzan urteko gastuak ordaintzen hasi ziren. Eta horrekin batera, gehienez bigarren mailako hezkuntza jaso zitekeen herrietako neska-mutikoei institutura joateko aukera eskaini zieten, nola joan ez zutenentzat garraio publiko zerbitzua ere jarriz". Gogoan du fundaziotik osasungintzan egindako lana; emakume haurdunekin, batez ere.

Ezagutu zutenen ahotik: Juanito Oiarzabal, alpinista



Josu Bereziartuak azaldutako testuinguruan ezagutu zituen, urte eta leku berean. 94an, elkarrekin joan ziren K2ra –aparteko esperientzia moduan gogoratzen du–, eta 95ean, Lohtse igo zuten. Harremana estutzen joan zen, eta 96an, Kangcehnjungara abiatu ziren, Kike de Pablosekin batera; ordukoa da anaiek bizitza salbatu zioteneko pasartea: "Gailurrera ailegatu ginenean, sekulako ekaitzak harrapatu gintuen; esango nuke Himalaian inoiz bizi izan dudan handiena izan zela. Eta baldintza haiekin, jaitsieran, oso egoera kritikoa bizi izan genuen. Eurei esker jaitsi nintzen handik": Bi anaiak harentzako seme batzuen modukoak zirela azaldu du, eta Pako Iriondoz ere gogoratu da: "Espedizioetatik bueltan, bazkaltzera eramaten gintuen. Harentzat ere seme edo bilobak bagina bezala zen. Izugarrizko konplizitatea zegoen gure artean". Felixekin dituen oroitzapenez galdetuta, haren irribarrea eta izateko modua askotan gogoratzen dituela gaineratu du gasteiztarrak".

Baita nekazaritzan egindakoak ere: "Albertxiko asko daukagu gure herrian, baina bota egiten genuen edo animaliei jateko eman, eta fundaziotik erakutsi ziguten nola kontserbatu ekologikoki, merkatuan saltzeko. Eta euren bitartez ipinitako berotegiei esker, barazkiak udan bakarrik izatetik urte osoan izatera igaro ginen. Zeukaten kokalekuarengatik ureztatu ezin zituzten baratzeetako arazoari aurre egiteko, berriz, ur-bonbak ipini zituzten; eta hoditeriak, mendiko erreketatik etxeetara edateko ura ekartzeko". Eta proiektuen errepasoa egiten hasita, ez du ahaztu Felix bizirik zegoela abian jarritako beste bat, eskalada eskola: "6.000 metroko altuerara eta hortik gora joaten ziren eta bizkarrean 30 kilo eramaten zituzten zamaketariak entrenatzeko eskola bat muntatzea erabaki zuten, horiek nola eskalatzen zuten ikusi zutenean". Eta kontatu du, baita ere, Pakistango bere etxean Albertori hori guztia zergatik egiten zuen galdetu zionean, euren aurpegietan irribarrea ikusteak betetzen zuela erantzun ziola hark, eta ez zuela gehiago behar. 2016an ezagutu zuen Iñurrategi anaietan gazteena, Hushe haraneko zamaketari lagunek hari emateko bidali zioten opari baten bitartez. 2012an iritsi zen Akhond Euskal Herrira, Alex Txikonen bitartez; Lemoa du bizitoki eta Bilboko Garibolo jatetxe begetarianoa lanleku.

"Berriz jaio nintzen"

Oñatin bizi da Shazia Maryam (Skardu harana, 1995). Fundazioaren beka batekin etorri zen, lehenengoz, 2019an; ez zen, ordea, erraz hartu ahal izan zuen erabaki bat izan: "Zazpi anai-arreba ginen; eta nesken artetik nagusiena, ni. Bekarako aukera sortu zitzaidanean, etxekoetatik lanean zebilen bakarra nintzen eta erantzukizun handia nuen. Afaltzen ari ginen batean, bekarako hautatua izan nintzela kontatu nienean, jateari utzi zioten denek eta aitak galdetu zidan ea zer pentsatu nuen eurentzat". Zailtasunak- zailtasun, familiak bi hilabetetan goserik pasa ez zezan haren eskuetan zegoen guztia egin, Oñatira etorri eta lidergoaren, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren gaineko masterra egin zuen. Formakuntza erabat apurtzailea izan zela dio: "Pentsamendu kritikoa garatzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen gizartea aldatzeko eragin nahi nuela. Ni-tik gu-rako bidaia egin nuen eta Shazia berriaz maitemindu nintzen". Formakuntza amaitutakoan, jaioterrira bueltatu zen, "18-30 urte bitarteko 30 gazterekin eraldaketa prozesu bat egiteko". Gaur egun, Oñatin dago berriz ere; MUren fakultatean eskolak ematen, oraingoan. Bertan finkatzea gustatuko litzaiokeela dio, jaioterriarekin zubi gehiago eraikiz, eta han lanean jarraitzen duen fundazioarekin elkarlanean.

Felix Iñurrategiri buruz


Munowar Machulo eskolan, kurtso amaieran, iaz.

Shamshair Ali dut izena, Hushe haraneko Machulo herrikoa, eta Felix Foundation Baltistanen sortzailea naiz.

1996tik, euskal mendizaleekin eta Jon Lazkano buru duen Banoa bidaia agentziarekin lanean aritzeko ohorea izan dugu, bertako gidari. Tarte horretan, Felix Iñurrategi eta Alberto Iñurrategi gertutik ezagutzeko eta eurekin lan egiteko aukera izan genuen. Mendizale oso trebeak eta profesionalak izateaz gain, lagun maiteak ziren: adeitsuak, apalak, eta gure herriarekin lotura sakona zutenak.

1997an, haien bultzadarekin eta laguntzarekin, eskalada eskola bat ezarri genuen martxan Machulon, bertako gazteak mendizaletasunean trebatu eta hezteko. Green Mountain Climbing School izena hartu zuen, Mendi Berdeen Eskalada Eskola. Machuloko jende askok –Akhon Ibrahimek eta Big Rustamek, tartean–, babestu zuten ekimena.

2000. urtean, Felix eta Alberto Pakistanera itzuli ziren, Gasherbrum II (G-II) igotzeko helburuarekin. Haien espedizioa lagundu eta trekking talde bat gidatu genuen, Machuloko Gondogoro La zeharkatuz. Tartean ziren Inazio, Ane –Albertoren emaztea– eta beste hainbat lagun euskaldun.

Machuloko nire etxean egon ziren bitartean, elkarrizketa garrantzitsuak izan genituen, gure bailarak zituen erronken inguruan –nekazaritzarako ur eskasia, batez ere—. Felixek eta Albertok interes handia zuten arazo hori konpontzen laguntzeko. Tamalez, Islamabadera itzuli eta gutxira, albiste lazgarri bat jaso genuen: Felix Iñurrategi hil egin zela G-II espedizioan. Galera pertsonal eta profesional izugarria izan zen guretzat.

Haren memoria omentzeko eta haren ondarearekin jarraitzeko, Mendiko Eskola Berdeari Felix Iñurrategi Foundation Machulo izena jarri genion.

Gure lagun eta mendizale euskaldunen laguntzarekin, gerora, fundazio bat sortu zen Espainian: Felix Baltistan Fundazioa. Erakunde horrek Hushe haraneko proiektu garrantzitsu asko babestu zituen –besteak beste, nekazaritza, hezkuntza, ekoturismoa eta emakumeen ahalduntzea–.

Zoritxarrez, COVID-19aren pandemian, 2019an, Espainian fundazioa itxi egin behar izan zen, gure kontroletik kanpoko erronkak zirela eta. Garai zaila izan zen denontzat.

Hala ere, Machuloko Felix Foundation Baltistanek aktibo eta lanean jarraitzen du, gure bailararen etorkizun hobearen alde.

Gure komunitate osoaren izenean, bihotzez, eskerrak eman nahi dizkiegu gure lagun, emaile, eta, bereziki, gure euskal familia osoari, zuen konfiantza, laguntasun, eta etengabeko laguntzagatik. Zuen adeitasunak eta ekarpenek betirako aldea eragin dute gure bizitzetan, eta ez zaituztegu inoiz ahaztuko.

Esker onez eta desio beroekin, Machulotik.

Erlazionatuak

25 urte Felix Iñurrategi hil zela

Txomin Madina Milikua uzt 28, 10:00 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak