Kaleak eta txosnaguneak alaitasunez beteko dituzte aretxabaletarrek herriko jai maitatuetan. Kirol eta kultur ekitaldi lepo izango dituzte aukeran beste behin. Herriko Plazako gaueroko kontzertuetarako, adibidez, Anje Duhalde, Balkan Paradise Orchestra, Gozategi eta Oilar Beltzak gonbidatu ditu Udalak. Gazte Mugimenduaren txosnan, bestalde, Larru Beltzak, Bixentak, I Toys edota Perlata taldeez gozatu ahalko da, eta Gu Geu Atxabaltarenean, Oihu, Anixe, Mutiko edota Kaparrak izango dira ikusgai, besteak beste.
Kirol arloan, pilota partiduak eta txirrindularitza lasterketa nabarmendu daitezke. Azken hori Manolo Zubillagaren omenezkoa izango da: "Aurten utzi gaitu herri-mailan txirrindularitzari eta esku pilotari hainbeste eman dion gizona. Aitortza merezi du, eta hemendik aurrera haren izena eramango du probak", esan du Ibai Zangituko, Kultura arloko zinegotziak.
Beste berrikuntza bat da Haurren eguneko protagonistek asanblada bidez egin dituztela aurten Andramaixetarako ekarpenak, hori horrela, haiei egokitutako egitarau mardula osatu dute hilaren 16rako. Egun horretan alkate txiki izango dira Luka Iturbe eta Uxue Llodio, eta "oso pozik" agertu dira horregatik.
Gainera, erraldoi ertainak irtengo dira lehen aldiz Aretxabaletako Andramaixetan: "Konpartsari erreleboa emateko helburuz, harrobia sortu gura dugu, eta, hala, 10 urtetik gorako hainbat neska-mutil haien neurrira egindako erraldoiekin aterako dira kalejiran. Abuztuaren 14an, 17:30ean egingo dugu aurkezpena", aipatu du Zangituk.
Eraso gabeko jaiak izatea da beste behin helburu nagusietako bat. Horren harira, gune morea jarriko dute Mitarte kalean, eta bi txosnaguneetan protokoloa aktibo egongo da uneoro.
Hilaren 14an, txupinik gabeko pregoia
Aurtengo pregoia desberdina izango da, izan ere, lehenengoz, ez da etxafuegorik jaurtiko. Horren arrazoia da DebaTEA elkarteko kideak izango direla jaien hasiera ekitaldiko protagonistak, tartean, Maider Triviño: "Oso pozik gaude pregoia irakurtzeko ohorea izango dugulako. Edozein jaien oinarrietako bat inklusioa izan behar du, edozein pertsona-motak bere espazioa izatea, seguru sentitzea, eta horrekin lotuta, badago zaratak jasaten ez dituzten pertsonak. Horregatik ez dugu etxafuegorik botako", adierazi du.
Paella janerako izen-ematea
Andramaixak hasteko lau aste geratzen diren arren, paella-janerako izen-ematea laster zabalduko dute, uztailaren 22an, 16:00etatik 18:00etara, hain zuzen. Kuadrillaka apuntatzeko eskaera egin dute Udaletik, mahaien antolaketa errazte aldera. Tokirik libre geratuz gero, goizetan Arkupen egin ahal izango da eskaera.