Errekabarren kalean –sasoi baten adineko pertsonen egoitza izandako eraikinean– kokatuta dago osasun etxe berria. 2.000 metro koadro erabilgarri ditu lau solairutan banatuta, eta, ondorioz, zerbitzu gehiagorendako lekua izango du.
Osakidetzako arduradunek azaldu dutenez 21 kontsulta izango ditu. Familia medikuntza eta erizaintza zerbitzuez gain, pediatriako eremua eta emakumeei arreta emateko eremua egongo dira; hau da, ginekologoen eta emaginen kontsultak, ama-haurren hezkuntzarako eta erditzeko prestakuntzarako gunea eta edoskitze-gela. Administrazio-eremua ere izango du –arreta pertsonalizatua emateko guneen artean ez dago manpararik–, baita erizaintzako eremu bat ere, odol-ateratzeak eta hainbat prozedura egiteko. Horiez guztiez gain, aldagelak, jarduera komunen eta bileren gela, eta biltegia ere egokitu dituzte. Eraikin berriak klimatizazio-sistema aurreratuak dituela gaineratu dute. Horretarako, bost milioi euro inguruko inbertsioa egin dute.
Zentroaren ahalmen asistentziala nabarmen handitu dela adierazi dute Osakidetzako arduradunek: "7.000 biztanle baino gehiagori emango zaie zerbitzua. Eta herritarren behar asistentzialei erantzuteko espazio eta instalazio modernoagoak eskaintzen ditu".
Gizarte Zerbitzuak ere bai
Eraikin berriaren lau solairuetatik hiru jarduera asistentzialerako izango dira, eta azken solairuan Udaleko Gizarte Zerbitzuek izango dute lekua. Nabarmendu dute lehen aldiz Euskadin, batera eskainiko direla udaleko gizarte zerbitzuak eta lehen mailako arretako osasun zerbitzuak: "Helburua da arreta integrala eskaintzea, prebentzio-ikuspegitik eta pertsonarengan zentratuta".
Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu gura izan dute proiektu hau Euskadiko osasun-politiken bilakaeraren barruan kokatzen dela, eta bat datorrela, hain zuzen ere, Osasun Itunarekin: "Itun horrek funtsezko estrategiak ezartzen ditu, hala nola prebentzioa eta osasunaren sustapena, arreta integrala eta asistentzia-ereduen antolamendu-berrikuntza". Ekimen hori abian jarriko da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Aretxabaletako Udalarekin lankidetzan.