Handik hona

Paula Soares: "Uste dut gure sustraiei ez diegula uko egin behar"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko uzt. 14a, 08:14

Paula Soares, astelehen arratsaldean, Aretxabaletako parrokia aurrean. (Argazkia: I.A.A.).

Portugalgo Contige herrian –Viseuko distrituan– bizi izan da Paula Soares (Taninge, Frantzia, 1976), 3 urte zituenetik 2008ra arte. Lan kontuengatik etorri zen Debagoienera, familiarekin, eta, hiru herri ikusi ostean, Aretxabaleta aukeratu zuen portugaldarrak bizileku.

Portugaldarra zarela diozu, baina Frantzian jaiotakoa zara.

Bai; nire gurasoak ere portugaldarrak dira, baina Frantziara joan ziren lanera, eta han jaio nintzen. 3 urterekin Portugalera joan nintzen. Nire gurasoak Frantzian geratu ziren, zaila baitzen seme-alabak mantentzea. 8 urte nituela itzuli zen ama.

Nola oroitzen dituzu guraso gabeko lehen urte haiek Portugalen?

Nire amaren ahizpa batek eta amaren aldeko amonak hezi ninduten, maitasun handiz; haien alaba izango banintz bezala. Nire izeba irakaslea zen, eta hari lan egitea egokitzen zitzaion ikastetxean ikasten genuen. Oso urrun bazegoen, aste guztia pasatzen genuen han alokatutako etxe batean. Gertu bazegoen, joan-etorria egiten genuen.

Nola zeneraman urtero ikastetxe ezberdinetan ikastearen kontua?

Oso ondo. Urte gutxi izan ziren; pare bat urte, ama etorri arte. Oso lagun onak egin nituen, eta eskola haietako lagun asko dauzkat.

"Nik ditudan lagunik onenak hemengoak dira, euskaldun-euskaldunak"

Noiz eta zergatik etorri zinen Aretxabaletara?

2008an etorri nintzen. Nire senarraren lan egoera txarra zen Portugalen. Nik banuen lana, egoitza batean, baina eraikuntza arloa asko geratu zen. Nire senarra urtebete egon zen hemen bakarrik, eta ni semeekin etorri nintzen, eskolako ikasturtea amaitu zutenean. Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza bisitatu nituen, eta Aretxabaleta gustatu zitzaidan. Zergatia? Ez dakit. Agian, lasaitasuna.

Etxean zer iruditu zitzaien hona etortzeko erabakia?

Guk Portugalen esaten genuenean Euskal Herrira gentozela, ETA zegoen, eta guztiek esaten ziguten ea nora gindoazen. Ospe txarra zuen. Nire gurasoak gu hona etortzearen beldur ziren, entzuten zutenagatik.

Aretxabaletarekin lehen kontaktua nolakoa izan zen?

Ezkondu nintzenetik gurasoen ondoan bizi izan naiz, eta oso gogorra izan zen haiek eta nire etxea han uztea. Hemen ez nuen inor ezagutzen, eta lanik gabe etorri nintzen. Nire semeak eskolara eraman, eta etxean sartzen nintzen. Gainera, ez nekien hitz egiten gaztelaniaz eta euskaraz. Asko kostatu zitzaidan gaztelania ikastea. Lanean hasi nintzenean, keinuz komunikatzen nintzen adineko pertsonekin. Haiek lasai egoteko esaten zidaten, keinuak egiteko, eta esango zidatela non zeuden gauzak. Ogia erostera joaten nintzenean-eta seinalatu egiten nuen behar nuena adierazteko. Inoiz ez nuen atzera egin, eta buelta eman diot.

Ezberdintasun kulturalik antzeman duzu?

Bai, handia. Hemengo ohitura batzuk han ez daude, eta alderantziz. Txikiteoa, adibidez, ez nuen ezagutzen. Pertsonak ere nahiko itxiak direla ikusi dut, baina oso ondo integratu nintzen.

"Hiru herritatik Aretxabaleta gustatu zitzaidan; zergatia? Ez dakit. Agian, lasaitasuna"

Nola lortu duzu lagunak, zure kuadrilla, egitea?

Semearen bitartez. Futbolean hasi zen, eta taldekideen gurasoekin elkartzen hasi ginen; hortik kuadrilla. Oso ondo hartu ninduten; oso irekiak izan ziren gurekin. Nik ditudan lagunik onenak hemengoak dira, euskaldun-euskaldunak.

Contige aldatu da?

Lan gehiago dago. Herrian jende gutxiago bizi da, askok migratu egin dugulako, baina batzuk itzuli egin dira. Uztailean eta abuztuan, ordea, jende gehiago egoten da. Lehen, taberna eta eskola zeuden, baina orain ez daude.

Frantzian jaio, eta Portugalen eta Euskal Herrian bizi; nondarra sentitzen zara?

Portugaldarra naiz. Ez diot nire herriari uko egiten. Uste dut gure sustraiei ez diegula uko egin behar. Nire semeek berdin. Oso gustura nago hemen, baina hil arte izango naiz portugaldarra.

Itzultzeko asmorik baduzu?

Ez. Nire gurasoak bizi diren bitartean, ahal dudanean eta behar dutenean joango naiz. Ez daudenean ere joango naiz, baina hemen geratzeak gehiago erakartzen nau. Nire semeak hemen daude, bilobak... Denboraldiak egingo ditut. Geratzeko, momentuz, ez naiz joango. Hemen daukat nire bizitza. Pena ematen dit nire gurasoek hona etorri nahi ez izanak oraindik.

Ze aholku emango zenioke hona migratzea erabaki duen bati?

Animatu egingo nuke. Ez zaio jendeak dioenari kasurik egin behar. Esperientzia bizi dezatela, nik egin dudan bezala. Lan egiteko gogoz etortzen badira, ondo. Gogorik gabe ezin da etorri.

Gertu egon arren, janariak prestatzeko eran aldaketa handia sumatu du

Euskara datorren ikasturtean ikasteko asmoa dauka Paula Soaresek: "Gustatzen zait hizkuntza, eta pena ematen dit jendeak hitz egin eta nik ez ulertzeak. Gainera, laster amona izango naiz, eta bilobekin euskaraz hitz egitea gustatuko litzaidake". Portugaldarrak ireki bezala definitu ditu. "Egia da batzuk pijoak direla. Ni herrikoa naizenez, oso sinplea naiz", dio, barrez.

Oraindik Portugalgo janaria kozinatzen jarraitzen du. Dioenez, jakiak prestatzeko modu ezberdinak dituzte bi herrialdeek. "Babarrunak prestatzeak ez du zerikusirik. Txorizoak ere ezberdinak dira. Odolkia ere bai. Guk ez dugu barazkiduna edo arrozarena egiten", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak