Hogeita hamargarren urteurrenaren mugarria behin pasatuta, aurrera begira jarri gura du Loramendi euskara elkarteak, eta hala adierazi zien batzar orokorrean elkartutako 30en bat bazkideei. Azken ikasturteko jardunaren berri eman zuten, esku artean dituzten proiektuek emandakoa jakinarazita: ludotekan 70en bat erabiltzaile elkartu dira; aniztasun proiektuaren baitan batzen diren Auzoko talde egonkor bat osatu da, Barriketan egitasmoan bost talde eta Hikapraktikan hiru talde; hizkuntza errefortzuek hogei bat erabiltzaile izan dituzte; eta uztaileko udalekuak eta opor egunetako aisialdia bideratzeko sortutako Loratu egitasmoa errotu egin dira.
Herrira gerturatzea helburu
Aurrera begira jarri dira orain, eta "elkartea berrasmatzea" dute helburu. Izan ere, Loramendi zerbitzu emaile baino zerbait gehiago izatea gura dute: "Herriarekin batera eginez bidea". Eta helburuen artean zehaztu dituzte herrira gerturatzea, komunitatea sendotzea eta aisialdia berreskuratzea. Ildo horretatik, batzarrean elkartutako bazkideei eskatu zieten bi galderari erantzuteko: gaur egun herriarentzat zer den Loramendi eta zer izatea gura duten. Erantzun horiek abiapuntu hartuko dituzte lanketa bati ekiteko datorren denboraldian.
Denboraldi berriari begira zuzendaritza batzordea berritu dute; agur esan dute honako hauek: Lierni Zangitu, Ane Errarte, Amaia Berezibar eta Mirari Altube. Eta sartu direnen artean daude: Julen Letona, Anjel Bergaretxe, Ixak Sarasua, Ane Dakosta, Izaskun Goienetxe eta Jokin Uribetxebarria. Olaia Etxenausiak eta Julen Peralesek jarraitu egingo dute, lehenengoak presidente eta bigarrenak, diruzain; eta idazkari izango da Goienetxe eta presidenteorde Sarasua.
"Orain daukagunari eutsita, ekimen berriak sortu gura ditugu"
Bi urte bete ditu zuzendaritza batzordean Olaia Etxenausia Zubizarretak (Aretxabaleta, 1975) eta hirugarrenari ekin dio, presidente kargua hartuta.
Urteurrenaren ospakizunekin bukatuta, etapa bat itxi da?
Bai, hala da. Aurrera begira jarri gura dugu orain, asmo berriak landuta; indarrak hartu eta segi.
Eta zeintzuk izango dira erronkak?
Lan egiteko beste modu batzuk sortu gura ditugu, eta bazkideak zein herritarrak Loramendi elkartera gerturatu; adibidez, lantaldeak sortuta. Eta, noski, euskara erdigunean jarri, horren garrantzia ikusarazita; lo gaudela uste dut eta.
Euskararen Plana –AROA– garatu du Udalak; Loramendik ere izango du zeresanik, ezta?
Bai, noski. Diagnostiko bat egin da, eta, hortik abiatuta, Euskararen Mahaia sortuko da. Ibilbide berri horretan oso presente egongo gara eta era aktiboan; hartuko dugu parte.
Zuzendaritza batzordea berritu egin da; pozik?
Bai! Profil askotarikoak sartu dira eta lantalde polita osatu da: gazteak, eskarmentudunak… Eta indarrarekin eta motibatuta datoz. Daukagunari eutsita, ekimen berriak abiarazi gura ditugu.