Kluba indartzeko plan estrategikoa garatzen ari da UDA

Imanol Beloki Unamuno 2025ko uzt. 11a, 10:53

UDA kirol elkartearen batzar orokorrean.

Zuzendaritza taldearen konpromisoa, kide berrien etorrera, plan estrategikoa, klubaren indarguneak, datuak, 2024-2025eko denboraldiko lorpenak eta ikasturte berrirako fitxaketak izan dituzte berbagai Aretxabaleta kirol elkartearen batzar orokorrean.

Joan den denboraldiko –2024- 2025– balorazioa eginda ekin zion batzar orokorrari Aretxabaleta kirol elkarteak joan den egubakoitzean. Azpimarratu zuten UDAk 684 kirolari izan dituela, eta joan den urtearekin alderatuta %10 igo dela kopurua. Nabarmendu zutenez, Arizmendi kirol elkartearekin egindako hitzarmenarekin emakumeen presentzia futbolean %61 igo da; hori horrela, 75 emakume izatetik 121 izatera pasa da.

Kirolariek hainbat diziplinatan egindako lorpen nagusiak ere azpimarratu zituzten. Hauxe adierazi du Iker Gomezek, UDAko kudeatzaileak: "Futbolean Hirugarren Mailari eustea, Ohorezko kadete taldearen igoera Euskal Ligara eta Gorenengo emakumeak Ohorezko Mailara igotzea dira lorpen nagusiak, talde gisa. Karatean, Iñigo (juniorra) eta Ariane (kadetea) Gipuzkoako txapeldunak izan dira euren pisuan. Eskupilotan, Xabat Otazuk eta Unax Gonzalezek txapelak lortu dituzte eta bola-jokoan UDAk, talde bezala hirugarren postua lortzeaz batera, Isana Gorosabelek sailkapenean hirugarren postua lortu du emakumezkoen kategorian".

Plan estrategikoa garatzen

Batzarrean aipatu zuten UDArentzat komunitatea garrantzitsua dela, eta ekintzak antolatzen jarraituko dutela: Ikazkin Trail, Andramaixetako lasterketa, Bixente Etxeandia txapelketa… 2025-2026ko denboraldiari begira, berriz, UDA plan estrategikoa garatzen ari da, datozen lau urteetara begira klubaren norabidea zehazteko. "Plan estrategikoari dagokionez, euskara klubaren ardatz nagusia dela, kirol helburua futbolean Hirugarren Maila mantentzea dela adierazi zen; betiere, harrobia zainduz".

Zuzendaritza batzordeari dagokionez, kide guztiek jarraituko dute lanean, eta proiektura lau lagun gehiago batu dira; hemezortzi pertsonak osatuko dutela lantaldea. "Ikusita beste klub askotan gertatzen hari dena, oso pozik egoteko moduan gaude, UDAren zuzendaritzak duen indarra eta gogoa kontuan hartuta". Taldera batu diren kide berriak hauek dira: Jabi Baena, Aitor Irure, Miguel Lopez de Eguilaz eta Julen Barandiaran. Bestalde, Agurtzane Elkorok jarraitzen du presidente karguan, diruzaina Nerea Olmedo da eta idazkaria, Amaia Gastañaga.

Fitxaketak: UDAra bueltan

Ander Fernandez Pacheco aramaioarra, bederatzi urteren ostean, taldera bueltatuko da, Gernikatik, eta Eñaut Zumarraga UDAko harrobian hazitako jokalaria ere bueltan izango da; kasu honetan, Aurrera de Vitoriatik. Haiez gain, Urko Mugerza atezain zarauztarra fitxatu du; Antiguoko taldeko gazteen mailan aritu zen iaz, eta aurretik, Realean eta Zarautzen. Eta Beasaingo Iker Salamanca erdilaria ere etorriko da.

Hirugarren Mailan diharduen taldeak astelehenean ekingo die entrenamendu saioei, uztailaren 30a arte; eta ondoren, abuztuaren 13an itzuliko dira Ibarrara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak