Ander Fernandez 'Pacheco': "Esperientzia partekatzera eta golak sartzera nator"

Imanol Beloki Unamuno 2025ko uzt. 9a, 17:10

Ander Fernandez Patxeko futbol jokalaria gola ospatzen.

Ander Fernandez Pacheco (1995, Aramaio) bederatzi urteren ostean, UDAra bueltatuko da. Aretxabaletako taldea utzi zuenetik talde askotan egon da jokatzen, eta, "gogoz, ilusioz eta golak sartzeko asmoz" dator.

UDA utzi, eta, talde ugaritan izan zara ordutik, ezta?

Beasainera joan nintzen, eta, gero Bizkaia aldean egon naiz. Amorebietara joan nintzen, eta bertan urte erdi egin nuen, asko ez nuelako jokatzen. Utzita Sestaora joan, eta, bueltan, Gernikak fitxatu eta hiru urte egon nintzen bertan. Ondoren, Galiziara joan nintzen. Gero, Barakaldora, Gernikara, berriz, eta orain, berriz, etxera.

Etxera bueltan, berriz. Nola hartu duzu erabakia?

UDAtik joan nintzenean banekien nire kirol ibilbidea bertan amaitu nahi nuela, edo behintzat azken urteak bertan egin nahi nituela. Izan ere, UDAk asko eman dit pertsonalki, eta baita futbolari dagokionez. Uste dut unea iritsi dela, eta, euren partetik eta niretik adostasuna izanda, gogoz nator.

Bederatzi urteren ostean asko aldatuko zen taldea, edo?

Noski baietz. Nik jokatu nuen jokalarietatik Ibon Perezekin egin nuen topo, baina, bigarren taldean zegoen bera. Atezaina, Iker Arriolabengoa atezainarekin ere jokatu nuen, baina, hura ere bigarren taldeko jokalaria zen garai hartan. Taldea gaztea da, eta eurekin jokatu ez arren, asko ezagutzen ditut, eta, asko izan naiz Ibarran. Badakit nolakoa den taldea. Horrekin batera, Unai Calzon entrenatzailea ezagutzen dut, David Enekotegi ere, Etxabe prestatzaile fisikoa ere… herriko jendea dago bertan; oso garrantzitsua dena, eta ilusioz nator.

Patxeko UDAn jokatzen ari zeneko une bat.

Zein izango da zure asmoa UDAn?

Beterano batek eman dezakeen esperientzia gazteei ematea, eta orain arte egin dudana edo ikasi dudana berdegunean ematea da nire asmoa. Denboraldiaurrean ere ikusiko dugu; izan ere, iaz egindako denboraldia oso ona izan zen, eta denon artean ondo ezagutu, taldea egin, eta, ahalik eta hobeen egitea izango da helburua. Nire kasuan, aurrelari bati eskatzen zaiona egingo dut, edo saiatuko naiz, golak sartuz. Ilusioz nator, nire futbola eman dezakedala uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak