05:00etan jaiki eta 05:25erako autoan sartuta Iruñeranzko bidea hartu du bi egunetan. "Auto bat Bergaratik irteten da, gehienak hangoak direlako, eta Altsasutik bueltan joaten dira. Ni, ostera, bakarrik joan naiz, Gasteiztik. Gero guztiok elkartzen gara Iruñean".
Denboraz joan behar izaten da, entzierroa hasi baino 45 minutu lehenago, 07:15 ingururako, itxi egiten dutelako ibilbidea eta ez dagoelako bertan sartzerik. Bospasei lagun izan dira bi entzierroetan: Jon Maiztegi, Anartz Almortza, Ibai Kortabarria eta Erik Herran, besteak beste, eta Ander Gallastegi eta Unai Arana ere ibili izan dira haiekin.
Jende asko bi egunetan
Ohitura dute Santo Domingoko aldapan sartu ibilbidera eta zezen-plazarako bidea egitea, nor bere gunean geratuta: "Atzo, lehen eguna, segituan konturatu ginen jende mordoa zegoela. Gaur, ostera, ez dugu pentsatu hainbeste korrikalari zegoenik baina gero pilatu egin da jendea, eta irudietan ere ikusi dira pilaketak".
Martinezen korrika egiteko gune kuttuna da Telefonica kalearen bukaeratik zezen-plazara arteko tartea: "Hortxe hasi nintzen eta hortxe jarraitzen dut. Niretako leku ezaguna da eta eroso mugitzen naiz. Beste tramuak ez dira batere hobeak, jende asko pilatzen delako". Aurten, baina, jende asko elkartu Telefonican ere: "Nire tramua ez da luzea, eta zezenei itxoin egiten diet nik. Gaur zaila izan da aurrera egitea, jendearen gainetik saltoka ibili naiz. Bi zezenen aurrean kokatzea lortu dut zezen-plazarako sarreran, baina lurrean jende asko zegoela ikusi dut".
Urteetako eskarmentua duen korrikalari asko elkartzen dela dio, baina gaupasa eginda ibiltzen direnak ere bai: "Ahalegintzen dira horiek botatzen ibilbidetik baina ez da samurra izaten. Eta gero beste batzuk egoten dira ibilbidean geldi, albo batean; argazki bila joaten direla esango nuke".
Une arriskutsuak
Gaur, uztailak 8, zezen bat atzean geratu da arrisku uneak sortuz. Martinez ordurako zezen-plazan zegoen eta handik bizi izan du: "Tarteka halako entzierroak izatea komeni da, jendea jabetu dadin arriskua beti dagoela hor. Izan ere, 2016tik ez da bizi izan halakorik, hau da, zezen bat kalean bakarrik geratu den entzierrorik".
Bi entzierroetan bizitakoarekin oso gustura itzuli da: "Beti gura izaten da gehiago, beste entzierro bat. Baina oso gustura nago". Dena den, haren asmoa da beste bi egunetan joatea: hilaren 10ean, eguenean, eta datorren astelehenean: "Azken egunean, bukatzeko, Miuren aurrean korrika egiteko".
Sanferminetako entzierroek zer duten galdetuta ez daki azaltzen: "Etxera itzuli naiz pentsatuz: bua, ke guapo! Lagunei ere horixe esan diet. Eta hori zer den ulertzeko bizi egin behar dela uste dut".