Maria Angeles Uribarren: "Ez da inoiz berandu izango korrika egiten hasteko"

Sara Lanz 2025ko eka. 30a, 10:10

Maria Angeles Uribarren, Raise to the king lasterketa amaitu berri. M.A. URIBARREN

Behobia-Donostian hasi zen korrika, 2016an, erretiroa hartu berritan. Ordutik, dozenaka maratoi eta lasterketa egin ditu; tartean, 50 kilometroko ultra bat, mendian.

Maria Angeles Uribarrenek (Arrasate, 1949) 75 urte ditu, baina haren energia, grina eta determinazioa edonor inspiratzeko modukoak dira. Arrasaten jaiotakoa eta gaur egin Brightonen (Ingalaterra) bizi den emakume horrek bizitza oso aktiboa izan du beti, baina azken urteetan korrika egitean aurkitu du benetako pasioa. 2016ko Behobia-Donostia izan zen haren lehen erronka, eta, ordutik hona, dozenaka lasterketa eta maratoi egin ditu, baita Raise to the king izeneko 50 kilometroko ultra bat ere.

Noiz eta nola hasi zinen korrika?

Txikitatik mendira joaten nintzen gurasoekin eta nire anai-arrebekin, Arrasaten. Baina Ingalaterrara etorri, ikasketak, ezkontza eta seme-alabak… eta ohitura hori galdu egin nuen. Hala ere, Euskal Herrira itzultzen naizenean beti saiatzen naiz Txindokin edo Udalatxen buelta bat ematen. 2016an, erretiroa hartu berritan, hilabete batez egin nuen Donejakue bidea, Frantziatik Santiagoraino, oinez eta korrika, motxila bizkarrean. Handik gutxira, iloba etorri zen Ingalaterrara, eta Behobia-Donostia batera apuntatzea proposatu zidan. Maiatza zen, eta urrira arte entrenatu nintzen. Azkenean, hark lesio bat izan zuen eta ez zuen parte hartu… baina nik bai. Eta asko gustatu zitzaidan. Orduan hasi zen nire pasioa.

Nola irten zen lehen Behobia-Donostia?

Abentura moduan hartu nuen: "Lortuko dut? Zer gertatuko da?", pentsatzen nuen. Baina ondo egin nuen, eta giroa zoragarria izan zen. Prestaketa prozesua asko gustatu zitzaidan; helburu bat izatea eta hori betetzea oso asebetegarria da.

Horregatik engantxatu zinen?

Bai, zalantzarik gabe. Giroak eta jendearen babesak asko eragiten dute. Lehenengo aldi hartatik urtero parte hartu dut Behobia-Donostian, bi urtetan izan ezik: COVID garaian eta beste batean izena ematea ezinezkoa izan zelako. Aurten pena handiz geratu naiz kanpoan. Baina Donostiako maratoi erdian parte hartuko dut urrian. Ingalaterran urtero egin ditut maratoiak, maratoi erdiak eta 10 eta 16 kilometroko lasterketak.

Sara Sawyer da zure entrenatzailea; nola ezagutu zenuten elkar?

Ezagun baten bitartez ezagutu nuen. Hark nire entrenamenduak aztertu zituen eta oso aholku garrantzitsu bat eman zidan: korrikaren %80 poliki egitea eta %20an ematea guztia. Lehen, beti bizkor korrika egiten nuen, eta hori nekagarria zen. Haren filosofiak asko lagundu dit.

Egin duzun mendi lasterketan –Raise to the king– nola lagundu zizun?

Hark animatu ninduen. Esan zidan mendiko ultra bat egiteko beste filosofia bat behar dela: ez da errepidea, ez dago jendearen animorik, libre zara. Entrenamendu bat jarri zidan: mendian ibili eta korrika egitea. Lasterketa egunerako bero handia iragarrita zegoen, baina hidratatzeko eta arropa egokia eramateko aholkuak eman zizkidan. Baita aldapan gora oinez joateko eta gainerakoan poliki korrika egiteko ere. Aukera nuen lasterketa edozein momentutan uzteko, eta horrek lasaitasuna eman zidan. Azkenean, 50 kilometro egin nituen eta gozatu egin nuen.

Lasterketa horrek animatu zaitu mendian gehiago korrika egitera?

Bai, noski. 7 ordu eta 49 minutuan amaitu nuen Raise to the king mendi maratoia, eta 600 lagunetik 271. postuan geratu nintzen. Antolatzaileek artikulu batean aipatu ninduten, egin nuen markagatik. 

Beste maratoiekin alderatuta, desberdina izan zen helmugara iristeko momentua?

Oso desberdina. Sentsazioa ikaragarria izan zen, askoz hobea.

Atzera begira, nola sentitzen zara egindako guztia ikusita?

Batzuetan ez dut sinesten. Nire seme-alabak harrituta daude. Gaur bertan mendira atera naiz txakurrarekin, eta antzeko sentsazioa izan dut: askatasuna.

Nondik ateratzen duzu indar hori?

Barru-barrutik dator. Euskal Herrian jasotako giroak espiritu abenturazalea eman dit. Determinazio eta dedikazio handia dut, eta horrek eramaten nau aurrera

Zure ingurukoek laguntzen dizute?

Familia emozionalki oso presente dago, eta harro daude. Baina korrika egiterakoan, gustatzen zait bakarrik egitea, nire erritmoan eta nire moduan.

Arrasatekoa zara, baina 17 urterekin joan zinen Ingalaterrara; zergatik geratu zinen han?

Au-pair joan nintzen Ingalaterrara. Gero, iparraldean 20 urte eman nituen, eta orain Brightonen bizi naiz. Bertan ezagutu nuen nire senarra, familia izan nuen, eta gero Irakasle ikasketak egin, irakasle lan egin eta master bat bukatu nuen.

Ingalaterra eta Donostia artean bizi zara; zer ematen dizu bakoitzak?

Bi hiriak maite ditut. Biak itsaso ondoan daude, eta korrika egiteko toki zoragarriak dituzte. Kultura handia dago bi lekuetan korrika egiteko.

Zer igartzen duzu faltan?

Mendiak. Duela hilabete eta erdi, Udalatxera igo nintzen familiakoekin. Naturarekin konektatzen duzu, eta hori izugarria da.

Zein mezu bidaliko zenioke korrika egiten hasi nahi duen norbaiti?

Ez da inoiz berandu izango korrika egiten asteko. Pixkanaka hasiz, denek lor dezakete

Zure ustez, bideak eraman zaitu zauden lekura?

Bai; pausoz pauso aurrera egiteak ekarri nau hona, Donejakue bidean bezala. Erronka bakoitza betetzeak hurrengo bat egitera animatzen nau.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak