Aretxabaletako II. Berdintasun Planaren baitan kokatzen da diagnostikoa. Udalak bultzatu du prozesua, eta Sudergintza kooperatibak eta Eihera elkarteak gidatu dute, herrian aktibo dauden Lohixak eta Atxabalta Harro kolektiboen parte-hartzearekin.
Aretxabaleta LGTBIQ+ ikuspegitik ulertzeko gakoak
Batez ere, "tradizioak eta familiak duten pisua" direla azpimarratu zuen Eiherako Iñi Etxezarretak, eta "tradizio horren barruan futbolak duen pisua" ere nabarmendu zuen: "Pisua du badelako herria maskulinizatu dezaketen elementuetako bat, baina, aldi berean, predisposizioa duen eta aktiboa eta propositiboa izan daitekeen agentea da, LGTBI pertsonen bizitzak eta ikusgarritasuna bermatzeari begira. Hortaz, batzuetan, mugatzailea izan daiteke, baina uste dugu erreskatatu behar dela modu positibo batean". Aretxabaleta definitzen duten gakoetako beste bat "zuzentasun politikoa" dela gaineratu zuen: "Topatu dugu herri bat LGTBIQ+ komunitatearen kontra esplizituko ezer esango ez lukeena eta, horrenbestez, alde egon daitekeena; baina, kontrara, indarkeriari erreparatuz gero, ikusten da badagoela desoreka: modu esplizituan ez bada ere, gertatzen direlako egoera deserosoak, humorearen bitartez ematen direnak, adibidez". "Herri oso aktiboa" dela ere erantsi zuen –kulturari, herri mugimenduari nahiz kontzientziari dagokionean– eta horrek "aukera handiak eskaintzen" dituela aurrera begirako neurriak planteatzeko.
"Mugimendu oso artikulatua dago herrian"
Iñi Etxezarretaren esanetan, bereziki azpimarragarria da, ordea, "LGTBI edo transmaribollo mugimendua oso artikulatua" dagoela –hor daude Lohixak eta Atxabalta Harro–, eta "esplizituko kolektibokoak ez diren beste mugimendu batzuk ere propositiboak" direla gaiarekiko.
"Ibilbide bat irekitzen da"
Diagnostikoak herriaren argazki bat ematen duela azaldu zuen Sudergintzako Zuriñe Rodriguezek: "Herrian dauden LGTB pertsonen egoera zein den jakiteko bide ematen digu: ze oztopo topatzen dituzten, ze sare sortzen dituzten, ze beldur dituzten... eta, aldi berean, ze nahi eta ze desio dituzten. Argazki horri helduta, politika publiko eraginkorrak egin ahal ditugu. Izan ere, baditugu iruditegi batzuk oso hirietakoak direnak, eta herrian diagnostikoa egiteak herria ulertzeko gakoak ematen dizkigu". Hemendik aurrera "ibilbide bat irekitzen" dela gehitu zuen: "Diagnostikoan ateratako ondorioak garatu behar dira: ikusgarritasunean sakondu behar da, biolentzia sinbolikoa ere landu behar da –iseka, burla eta zurrumurruak oso ohikoak dira–, hirietara joan behar izan gabe Aretxabaletan ligatzeko eta gozatzeko modua egon behar da, eta kanpora joandakoen mina erreparatu behar da".
"Bide onean"
Lohixak taldeko Maider Triviño ere "pozik" azaldu zen orain arte egindakoarekin, "bide onean" doazela esanez; eta, aurrera begira, "ikusgarritasuna emateko eta kolektiboko bailarako jendeak elkar ezagutzeko eta elkartzeko aukera emango duten ekintza gehiago" egin behar dituztela adierazi zuen.
"Jende dezente"
Atzoko aurkezpenarekin "pozik" azaldu zen Malena Gonzalez, Udaleko Berdintasun teknikaria: "Formatu ezberdinean egindako aurkezpena izan da; herriko gune ezberdinez baliatzea egokia izan zitekeela pentsatu genuen, eta balorazioa oso positiboa da. Jende dezente bertaratu da –mugimendukoa, beste modu batzuetan parte hartutakoa eta norbanakoak–eta pozik gaude".
"Aurrera begirako pausoetarako heldulekua"
Berdintasun zinegotzi Ainhoa Sanchezek Aretxabaleta berdintasunean bizitzeko herri bat izan dadin egiten dabiltzan lanketaren testuinguruan kokatu zuen LGTBIQ+ diagnostikoa, eta gaineratu zuen ez dela izango txosten soil bat: "Aurrera begirako pausoak zehazteko heldulekua eta oinarria izango da".