12:30ean ekin diote kontzentrazioari eta ordu erdiz egon dira plazan batuta, udaletxeak eskaintzen zien itzala ahalik eta gehien aprobetxatuz. Borobilean ipini eta Piztu da piztia: sofatik altxatzeko ordua da testuaren irakurketari ekin diote; Morborreko Oihan Zubizarretak jarri dio ahotsa.
"Duela urte batzuetatik hona loraldi bat izan zen feminismoan, transfeminismoan eta mugimendu transmarabibolloan. Eta bazirudien ia dena lortuta zegoela. Eta kolpetik loraldi horri, hamarkada luzetan egindako lorpenei, erreakzionarismo matxista, transfobo, homofobo eta faxisten gorakadak jarraitu die han hemenka. Baina ez gaitu harritzen, badakigulako historian borroka eraldatzaile eta iraultza handienen aurrean beti datorrela mugimendu erreakzionario eta kontserbadoreen oldarraldia. Piztia piztu egin da, gizon zuri zis eta heterosexuala urduri dabil", adierazi du. Eta, horren aurrean, borrokan jarraituko dutela gaineratu du: "Badakigu ere, honek ez duela atzera bueltarik, gutxiengoen askatasuna irabazita denon askatasuna ekarriko duen borroka delako gurea. Eta gaur hemen gaude, herri eta auzoetan oraindik egiteko asko dugula uste dugulako".
Arrasate ez dela denentzako berdina erantsi du, bertako espazio publikoak ez direla guztientzat seguruak, eta denei dagokiela barrura begiratu eta heteronormatibitatea eta binarismoa borrokatzea: "Gutako bakoitzari zor diogu hori, inoiz denak aske izango bagara".
Erresistentziatik harago, bizitza duin, aske eta gozagarriak aldarrikatu ditu: "Bizitzeko, gozatzeko eta maitatzeko borrokatzen garelako. Gorputz aske eta burujabeen aldeko borroka delako gurea, herri aske eta bizigarrien aldeko borroka antifaxista eta antiarrazista. Gure gorputzak ez dira erruaren, lotsaren edo bazterkeriaren gudu zelaiak. Gure gorputzak aske bizitzeko, dibertitzeko eta plazererako lekuak dira. Plazera eta dibertsioa, bizitza bezain politikoak baitira. Sofatik altxatzeko ordua da. Kaleak, familiak, koadrillak, eskolako gela eta patioak, lantokiko bulego eta tailerrak hartzeko ordua da. Herri askeak egiazki askeak izango baitira, denontzako herri bizigarriak baldin badira, denok ikusgarriak baldin bagara".