Neurriak hartu dituzte zuhaitzen segurtasuna garantizatzeko

Sara Lanz 2025ko eka. 28a, 09:30

Aretxabaletako Udalak 166 zuhaitz baloratu ditu, eta 34 arrisku ertain-altukoak identifikatu

Aretxabaletako Udalak herriko lau gune nagusitan egin du zuhaitzen arriskuen inguruko azterketa: Santakrutz parkea, saihesbidea, udaletxeko lorategia eta osasun-zentroaren aurrealdea. Bi hilabete iraun duen lan hori egiteko, QTRA metodologia erabili dute –zuhaitzen arriskuaren ebaluazio kuantifikatua, bosgarren bertsioa–, zuhaitzen egonkortasuna, tamaina eta erortzeko probabilitatea zientifikoki neurtzeko.

166 zuhaitz baloratu dituzte. Horietatik 105ek ez zuten inolako esku-hartzerik behar, arrisku txikikotzat jo baitira; beste 61 zuhaitzen egoera zehatzago aztertu ostean, 34 zuhaitz arrisku ertain-altuko gisa identifikatu dituzte: eguraldi txarra bada adarrak edo ale osoak erortzeko aukera dagoela ondorioztatu dute.

Hainbat neurri

Ikerketari esker lortu dituzten ondorio horiek kontuan hartuta, azken egunetan hainbat neurri hartu ditu Udalak. Besteak beste, udaletxeko lorategiko hurritz bat kendu egin dute, Santakurtzeko parkean adar batzuk inausi dituzte eta osasun-zentroaren aurrean dauden pinuak mekanikoki lotu dituzte, egonkortasuna bermatzeko. Lan horien kostua 12.506 eurokoa izan da.

Udalak adierazi duenez, datozen hilabeteetan herriko beste eremu batzuetan ere egingo dituzte ebaluazioak, eta, behar izanez gero, prebentzio-neurriak hartuko dituzte. Halaber, herritarrei gomendatu diete segurtasun-lanak egiten ari diren bitartean, arriskua murriztu den arren, seinaleztatutako guneetan betiere arretaz ibiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak