Paraje ezin hobean eman zuen atzo Paul Casalek kontzertua. Aretxabaletako auzora oinez iritsi ziren asko, eguraldi ederra egiten zuelako, baina, 19:00ak aldera oraindik eguzkiak gogor jotzen zuen. Azkar batean itzala ematen zuten toldoak jarri –musikariak ez zuen zorte hori izan– eta bertaratutakoek gustura entzun zuten Casalen emanaldia.
Bi hamarkadetako ibilbide musikalean (Drop!, Wood Strings, Scam…) hainbat proiektutan parte hartu ondoren, punk eta rocketik hardcore estiloraino –doinu akustikoak ahaztu gabe–, azken urteotan Casal agertokietan barrena dabil bakarlari gisa, euskaraz –ingelesez ere abestu zuen abesten. Abesti batzuk geldoagoak, eta beste batzuk erritmo handiagokoak. "Kuriosoa da, zailago egiten zait abesti alaiak idaztea, baina gero, zuzeneko emanaldietan, abesti tristeak abestea zailagoa izaten da", adierazi zien bertaratutakoei. Aretxabaletarrak etxean jokatzen zuen, eta bera ere gustura egon zen lagun eta gertukoen artean, nahiz eta lepoaldea gorrituko zitzaion, seguru. Emanaldi honekin amaitutzat eman dute Udalak antolatzen duen aurtengo 7x7 kultura kalean ekimena.