Paul Casal Kortabarria (Aretxabaleta, 1988) musikari, abeslari eta kanta-sortzaileak hogei urteko ibilbidea du musikagintzan, hainbat proiektutan murgilduta. Orain, bakarrik ekin dio bideari, gitarra akustikoak lagun eginda, eta gaur, 7x7 kultura kalean ekimenaren baitan, kontzertua emango du. Areantzan izango da emanaldia, Mitartegarain, eta oinez igotzeko edo Urkulun aparkatzeko eta oinez joateko eskaera egin dute antolatzaileek.
Areantzan joko duzu kontzertua, leku berezian; gogoz zaude?
Terraza parean izango da kontzertua, eta pozik nago etxean jotzeagatik, eta, zer esanik ez, halako leku polit batean, eta ekimen dotore baten barruan, gainera.
Oraingoan, bakarlari formatuan arituko zara, gainera.
Nire bakarkako ibilbidea aldakorra izan da. Aritu izan naiz bakarlari, baina beste dinamika batetik nator, taldeetan aritzetik. Hala ere, berriz gustua hartu diot bakarrik aritzeari, abestiak sortzeari… eta, azken hilabeteetan dezente aritu ostean, eskaintza jaso nuen antolatzaileen partetik, eta, beraz, aurrera. Gainera, Areantzakoa plaza berria da niretzat, eta leku ederra. Azkenaldian, eroso nabil bakarlari, eta ez dut baztertzen aurrera begirako emanaldietan ondo lagunduta igotzea oholtzara.
Nolako kantuak izango dira?
Abesti bereziak izango dira. Uste dut bakarlari abestu ahal izateko, sentitu ere egin behar dituzula kantuak. Nire musika ibilbideko kantu batzuk izango dira, labur esanda, baita bertsio batzuk ere. Esaterako, Wood Strings taldearekin egindako kantu batzuk pixka bat moldatuta izango dira entzungai, eta gero, sorpresatxoren bat ere izango da. Bertan ikusteko eta entzuteko kontzertua izango da.
Oraingoan, bakarrik igoko zara agertokira, baina esku artean baduzu bestelako proiekturik, ezta?
Proiektu berri batean sartuta ere banago herrian beste proiektu batzuetan aritutakoekin, eta kuartelean ari gara entseatzen. Askorik ezin dizut aurreratu, baina zapi edo zortzi abesti fintzen ari gara, eta, dena ondo bidean, Kuartela Kalera egunean izango dela estreinaldia aurreratu dezaket.
Bada, beraz, gogoa eta lan berriak egin nahia?
Nire partetik bai, eta uste dut herria bera ere momentu gozoan dagoela. Kultura musikala badago, dantza, konpartsa berri bat sortu da Aretxabaletan, eta gazte talde berri onak datoz atzetik. Horrekin batera, beste proiektu batzuetan aritu garenok ere proiektu berriak sortzen ari gara… Ez da haria eten, eta azpimarratu nahiko nuke kalean geroz eta ekintza gehiago egiten direla. Esango nuke duela hamar edo hamabost urte baino gauza gehiago egiten direla, eta musika soilik. Oso polita da hori ikustea, eta ekimen hori ere gure artean jendea batzeko positiboa dela uste dut.