Gipuzkoak tokiko merkataritzarekin eta tokiko merkataritzak lurraldearekin duen konpromisoaren garrantzia nabarmentzea da Gipuzkoako Ganberak antolatutako sariketaren helburua, eta aurtengo sari nagusia, Gipuzkoako Merkataritza Enpresa aitortza, Donostiako Urbieta lurrindegiak jaso zuen. Era beran, Merkataritza Jasangarriaren kategorian saritu zuten Donostiako Nomada Kilims & Rugs denda eta Berriz Enpresa izeneko enpresa jarraipenaren kategorian Tolosako Aliana lurrindegia.
Horiez gain, Gipuzkoako Ganberak lurralde osora zabaldu gura izan ditu aurten sariak, eta Gipuzkoako eskualde bakoitzeko banari egin dio aitortza; horiek aukeratu dituzte herritarrek emandako botoen bidez. Debagoieneko saritua elikagai ekologikoak eta 0 kilometrokoak saltzen dituen Aretxabaletako Kiloka denda izan da.
Kris Hernandez ugazaba oso gustura agertu da aitortzarekin: "Ez nuen inolako esperantzarik, kontuan hartuta zeintzuk zeuden izena emanda: Arrasateko Karrikirri, Ereindajan; Bergarako Ekilur… Hortaz, oso pozik nago".
Tokiko merkataritza "babestu"
Donostian, Gipuzkoako Ganberaren egoitzan, egindako sari-banaketa ekitaldian izan ziren besteak beste Donostiako alkate Eneko Goia, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Andueza eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendari Izaskun Gomez. Ganberako presidente Mauricio Arregik merkatarien, gizartearen eta Ganberaren konpromisoaren garrantzia azpimarratu zuen eta tokiko merkataritza babestu beharraren alde jardun: "Gure merkataritzaren etorkizuna guztion esku dago. Auzoko dendan, betiko merkatuan, bere izenez ezagutzen dugun saltoki horretan erostea aukeratzen dugun bakoitzean, erosketa bat baino askoz gehiago egiten ari gara: gure ingurunean inbertitzen ari gara, enplegua sortzen ari gara, gure kaleak zaintzen ari gara eta bizitzeko modu bat aukeratzen ari gara".