Agustindar mojen ardurapean zegoen Santa Rita ikastetxeak ateak ixtearekin batera zabaldu zituen Basabeazpi guneak bereak, 2004ko irailean, Aretxabaleta okindegiaren gainean. "Arizmendi Ikastolak ikusi zuen bazegoela hutsune bat sasoi hartan, eta Santa Ritarekin egindako fusioaren bitartez zabaldu zen", azaldu du Eneritz Urrutia arduradunak. Haur Hezkuntzako guneak beste urte daramatzate han Urrutia eta Nagore Olave irakasleek, Santa Ritatik iritsitako biek, eta Olarte gunetik etorri zen Itziar Arenazak –azken ikasturtea izango da honentzat–.
Aldaketa asko
Hasierako urteak ondo gogoan dituzte hiru irakasleek: "Izugarrizko ilusioarekin eta urduritasunarekin zabaldu genituen ateak" eta "komunitatearen babesa" segituan sumatu zuten. Hala sortu ziren Mari guraso elkartea, batzordeak eta hainbat ekimen. "Zabaldu diegu bihotza familiei eta herriari, eta landu ditugu euskararen, kulturaren eta gure ohituren gaineko proiektuak, transmisioa zainduta".
Hogei urteko bidean aldaketa asko izan direla onartu dute: "Hezkuntza eraldatzen doan heinean guk ere aldatzen joan behar dugu. Hortik etorri zen planteamendu arkitektonikoa aldatzea eta pedagogiara egokitzea. Eta hala sortu zen Konfiantzaren Pedagogia, pertsona ulertzeko eta begiratzeko beste modu jakin batetik abiatzen dena".
Ekitaldiak datorren ikasturtean
Ekainaren 6an ospakizun ekitaldia egitekoak ziren, egindako bidea oroitzeko eta ospatzeko. Baina azken orduko arazo batzuk tarteko ez dute egingo. Horren ordez, helburu berbera duten hainbat ekintza antolatuko dituzte datorren ikasturterako; hain zuzen, urrian beteko dira 20 urte 2005eko Kilometroak jaia bertan hasi zela eta hori ere gogora ekarriko dute.
600 ikasle inguru eta 30 profesionaletik gora pasatu dira Basabeazpitik, eta horiek guztiak izango dituzte gogoan. Helburua da atzera begiratzea, aurrera egiteko: "Lanean jarraituko dugu, goxotasunez, ikastola deituriko etxe txiki handi honetan gure etorkizuna ontzen; proiektu honetan sinisten dugulako".
"Ilusioa eta konplizitatea"
Hogei urteotan sortutako "ilusioa eta konplizitatea" nabarmendu gura izan dituzte. "Lehen urtean guztiok geunden urduri, berria zelako proiektua. Baina segituan konturatu ginen komunitate ederra osatu genuela" eta urteek halaxe frogatu dutela: "Aldaketak aldaketa taldea eta komunitatea hor egon dira, eta taldean egin behar da lan".