Mondragon Unibertsitateak ziberjazarpena saihesteko jardunaldian hartu du parte

Uxue Arakama 2025ko mai. 23a, 13:39

Amaia Arroyo Sagasta. Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

Ciberproxy proiektuaren emaitzak aurkeztu zituzten astelehenean, maiatzaren 19an, Mondragon unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzien Fakultateak antolatu eta parte hartu zuen jardunaldian.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak jazarpenaren eta ziberjazarpenaren prebentzioari buruzko jardunaldia antolatu zuen joan den astelehenerako, Bilbon. Jardunaldia gamifikazioaren –jokoak dituen tresnen, dinamiken eta mekaniken erabilera egitea jokoekin zerikusirik ez duten jardueretarako– eta metabertsoaren bidez egin zuten. Gainera, Ciberproxy proiektua biribiltzeko balio izan zuen.

Ciberproxy proiektua

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko KoLaborategiko STEM eta Digitalizazio arloko bi ikerlarik parte hartu dute parte proiektuan: Amaia Arroyo Sagastak eta Egoitz De La Iglesia Ganboak. Koordinazio lana, berriz, UDEM unibertsitatetik eraman dute.

Proiektuaren helburua jazarpena eta ziberjazarpena prebenitzea da, eta, horretarako, lau profil hartu dira kontuan: ikasleak, irakasleak, familiak eta agintariak. Kasu guztientzat ihes-gelak diseinatu dira metabertsoan –errealitate birtuala–, baina horrek aurrelanketa bat eskatu du; profil bakoitzarentzat materiala garatzeko, hurbileko jazarpena zein ziberjazarpena prebenitzeko eta tratatzeko beharrezkoak diren gaitasunen mapatzea egitea, gamifikazioa erabiliz.

Horrekin lortzen dutena zera da, teoriatik ikasi beharrean murgiltze-esperientzia gidatu batetik ikastea, bizi esperientzia hipotetiko bat simulatuz. Proiektu horrek, gainera, jazarpen-kasuak prebenitzeko eta tratatzeko beharrezkoak diren jarrerei eta gaitasunei buruz hausnartzeko balio du.

Erronkak eta prebentzioa

Ziberjazarpenari aurre egitea da erronka, baina, horretarako, zer den ulertu behar da, nerabeen testuinguru soziala ezagutu, jazarpenean parte hartzen duten rol guztiak ulertzen saiatu, baita horiek kudeatzeko konfiantzazko guneak sortu ere.

Konpetentzia digitala babes-tresna bat izan daiteke, prebentziorako giltza. Era berean, heziketa jasotzea ezinbestekoa da gailuen eta teknologien ongizatean  oinarritutako erabilera arduratsua eta segurua egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak