Komentua izandako eraikina ekainean egongo da zabaltzeko gertu

Mirari Altube Arrese 2025ko mai. 23a, 13:32

Lan guztiak bukatuta daudela eraikinean adierazi du Udaleko Hirigintza zinegotzi Ion Albizuk eta azken hilabete eta erdian dokumentazio kontuak gertatzen ibili dira.

"Obra potoloa da eta kontu asko daude horri dagokionez: instalazioen zertifikazioak behar dira, Industriako baimena… Jarduera ere jarri behar da martxan eta horren legeztapenerako dokumentazioa aurkeztu behar dute obraren zuzendaritza eraman dutenek. Hori guztia batzen gabiltza eta kontu txiki batzuk bakarrik falta dira. Espero dugu bi astetan dokumentazio guztia izatea, lanen-amaiera jasotzeko". 

Behin hori guztia eginda zabaldu ahal izango dute: "Hala ere ez da lehenbailehen izango, eraikina txukundu eta garbitu egin beharko delako, hau da, guztia martxan jarri".

Hango taberna lizitaziora atera zuten orain dela hilabete inguru eta eskaintzak aurkezteko epea ixtear dago. "Badakigu interesatuak egon badaudela; baina eskaintzen kartazalak zabaltzerakoan ikusiko dugu. Hori ere bideratuta dago".

Eraikin horretan kokatuko dira, besteak beste, erabilera anitzeko aretoa, Autonomia Sustatzeko Espazioa (ASE), taberna eta sukaldea eta Basotxo erretiratuen bulegoa.

Albizuk gaineratu du Osakidetza antzeko egoeran dagoela, osasun etxe berria zabaldu ahal izateko dokumentazioa biltzen eta ekainean gertu egongo dela hori ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak