Komentu zaharreko tabernaren lizitazioa abian jarri du Udalak

Mirari Altube Arrese 2025ko api. 10a, 19:07

Tabernak 200 metro koadro izango ditu, eta hornituta dago; erretiratuek %20ko deskontua izango dute. Udal Gobernu Taldeko kideek komentuaren areto nagusia, taberna, Autonomia Sustatzeko Espazioa (ASE) eta gainerako gelak erakutsi dituzte.

Komentu zaharreko eraikinean kokalekua izango duen tabernaren lizitaziorako oinarriak onartu zituen udalbatzak atzo, eguena, egindako osoko bilkuran. Behin prozesua abian jarrita, eta ondo bidean, udan zabaldu gurako lukete, uztail inguruan.

Bideragarritasun ekonomikoa

Udal Gobernuko kideek onartu dute atzerapen handiarekin irekiko dituela ateak: "Lizitazioak arrakasta izan dezan, eta hutsik gera ez dadin, oinarriak definitzeko prozesua berme guztiekin egin nahi izan da. Horretarako, bideragarritasun ekonomikoaren gaineko azterlan bat eskatu genuen, eta atzeratu egin du kontua", adierazi dute Garikoitz Iturbe alkateak eta Nerea Zubillaga Ongizate zinegotziak.

Lizitazioa datozen egunetan argitaratuko dute: "4.000 euroko gutxieneko kanona aurreikusi da esleipedunarentzat, eta hori hobetu egin ahal izango da aurkeztutako eskaintzetan".

Taberna eta jantokia

Taberna-jantokiak 200 metro koadro izango ditu, eta, gainera, erabat hornituta dago; eta sotoan dagoen sukaldeak altzari guztiak ditu.

Udal Gobernuak adierazi du herritar guztien topaleku izan dadin gurako luketela, "lorategi ederra" lagun: "Gazteek eta adineko pertsonek espazio bat partekatzeko eta harremanak sustatzeko, familiek inguruaz gozatzeko eta kultur zein herri-ekintzendako erreferente izateko". Hain zuzen ere, herriko erretiratuengan arreta jarrita, kolektibo horrek %20ko deskontua izango du; trukean, 15.000 euro ordainduko dizkio Udalak esleipedunari.

Azpimarratu dute garrantzitsua izango dela zerbitzu horrek arrakasta izatea: "Besteak beste, Aretxabaleta etorkizunera begira osatzen ari den zaintza-ekosistemaren zutabeetako bat izango delako. Bakarrik bizi diren pertsonentzat topagune bat izango da, behar duenarentzat zerbitzu bat eta belaunaldien arteko lotura bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak