"Trikitiari eta panderoari bultzada emateko eta eskualdeko eskolen arteko harremana sustatzeko" abiatu zuten, 2005ean, Debagoieneko Trikitixa Eguna. Eskoriatzako, Aretxabaletako, Arrasateko, Oñatiko, Aramaioko, Bergarako, Antzuolako, Elgetako eta Soraluzeko eskoletako askotariko ikasleak eta irakasleak batzen dira urtero.
Antolaketa-lanak txandakatu egiten dituzte, eta Aretxabaletako Leizarra Musika Eskolak du aurten horren ardura. "Eskualdeko musikariez gain, Zumarragatik, Bermeotik eta Euskal Herriko beste hainbat txokotatik ere etorriko dira", azaldu dute antolatzaileek.
Egun osoko topaketa
Aurreko aldietan moduan, egun osoko egitaraua dute prestatuta. "Eskola bakoitzak kalejira egingo du, 11:30ean hasita, eta, ondoren, 12:00etan, eskola guztietakoak batera, hiru taldetan banatuta, herriko hainbat gunetan ibiliko gara trikitia eta panderoa jotzen, herriko kultura-taldeek lagunduta: Lekaixoka Bertso Eskolak, Aretxabaletako Abesbatzak eta Aratz-Atzegi elkarteak. 14:30ean, bazkaldu egingo dugu, eta Mugi Panderoa taldearen erromeriarekin borobilduko dugu eguna".
Bi ikastaro aurreko egunetan
Zapatuko topaketaz harago, bi tailer egingo dituzte: "Maiatzaren 22an, eguena, Iraide Ansorenarekin, hainbat pandero mota jotzen ikasteko tailerra egingo dugu, eta egubakoitzean, Galiziako perkusio-jole Sanin-ekin pandero bat egiten ikasiko dugu. Harrera oso ona izan dute ikastaroek, dagoeneko toki guztiak beteta daude eta".