Ehun lagunetik gorak hartu du parte lehiaketan, guztiak Euskal Herrian jaioak edo bertan bizi direnak. Hogei argazkiz osatutako proiektuak aurkeztu dituzte gai librean eta atzo, zapatua, egin zuten sari banaketa Aretxabaletako Arkupe aretoan.
Aretxabaletako Udalak babesten duen topaketa da eta ekitaldian izan ziren, besteak beste, Garikoitz Iturbe alkatea eta Ibai Zangitu kultura zinegotzia. Egun osoko topaketa izan zen. Saritu bakoitzak 20 minutuko aurkezpena egin zuen nork bere proiektua aurkezteko eta maiatz osoan ikusgai egongo den erakusketa ere inauguratu zuten.
Antolatzaileak oso pozik daude bigarren edizio honek emandakoarekin eta Jon Ander Alberdi bera ere bai. "Nire proiektuak Ondarea du izena. Aspalditik hasitako proiektu bat da. Argazki sorta bat egin nuen eta gero apur bat abandonatuta eduki dut. Lehiaketa honen bitartez heldu nion berriro eta pozik emandako sariarekin eskertzen delako horrelako aitortza bat", esan du.
Zortzi sari
500 euroko zortzi sari banatu ditu lehiaketak. Hauek izan dira sarituak:
- Aretxabaletako proiektu onena: Jon Ander Alberdi.
- Gipuzkoa proiektu onena: Telmo Sanchez Ugalde.
- Arabako proiektu onena:Leonor Uriarte.
- Bizkaiko proiektu onena: Iñaki Izquierdo Muxika.
- Nafarroako proiektu onena: Ainhoa Tejerina.
- Lapurdiko proiektu onena: Severine Dabadie.
- Behe Nafarroako proiektu onena: Camille Chopin.
- Zuberoako proiektu onena: Elian Heguiaphal.Askotarikoa gaiak
Askotariko gaiak
Aretxabaletako proiektu onena Jon Ander Alberdirena izan da. Aretxabaletako paisaia osatzen duten baserri abandonatuak erretratatu ditu. Aurreko mendera arte bertan bizi izan ziren nekazari, artzain eta errotarien oroimenean gordetzen dute. Proiektu honek historikoki Aretxabaletako biztanleen bizileku eta euskarri izan den paisaiaren erabileren aztarnak islatzen ditu.
Gipuzkoako argazkilari irabazleak, Telmo Sanchez Ugaldek, Frantziako Pirinioetako mendi espedizio batean hildako bere osaba-aitona Sebastiani omenaldia egiteko proiektua aurkezten du. Memoria lan bat da. Gizakiaren eta paisaiaren arteko loturari buruz hausnartzen duen proiektua da.
Arabaren kategorian, Leonor Uriartek eraman du saria. Bizkaia eta Arabaren arteko autobus lineatik ateratako argazkiak dira. Semea erietxean izan zuen bi urteetan egindako joan-etorrietan aterakoa argazkiak dira.
Bizkaiko proiektu onenaren saria Iñaki Izquierdo Muxicak jaso du. Bere jaioterria den Sestao erretratatzen du, bere kultura industrialaren hondarretan arreta ipinita. Argazki gazi-gozoak eta tragikoak aurkezten ditu, Ezkerraldeko paisaia gogorraren galera atsekabetuta islatzeko.
Nafarroako saria Ainhoa Tejerinak eraman du. Zubietan, Lesakan, Lantzen, Unanun, Altsasun eta Erriberrin ateratako argazkiak dira. Landa inauterietan oinarritu du proiektua. Euskal Herriko kultura herrikoiaren errito eta adierazpen primitibo, sinboliko eta errotuenak ekarri ditu erretratuetara.
Lapurdiko proiektu irabazlea Severine Dabadie argazkilariari dagokio. Donibane Lohizuneko portuko azken atunontziaren azken bidaiak erretratatu ditu. Airosan itsasoratu zen arrantzontzi horretako azken itsasgizonak omentzeko atera zituen argazkiak, itsasoko aparrak Lapurdiko arrantza-kostaldearen herentzia ezkutatu baino lehen.
Behe-Nafarroako saria Camille Chopin argazkilariak jaso du. Euskal Herriko queer nortasuna erretratatu du. Egileak Euskal Herriko landa-inguruneetan bizi diren edo hazi diren zortzi pertsona erretratatu ditu.
Azkenik, Eliane Heguiaphal argazkilariaren argazki-proiektuak irabazi du Zuberoako saria. Ibar-eskuin haraneko Bosmendiak izeneko eremuan artzain bati eta haren artaldeari ateratako argazkiak dira. Lan dokumentala da, eta argazkilariak, omenaldi gisa, hildako artzainarekin konpartitu zituen mendi tontorretatik egindako ibilaldi haien atsekabea islatzen du.