Loramendiren literatura lehiaketa abian da, zientzia gai hartuta

Mirari Altube Arrese 2025ko mai. 1a, 12:00

Ainhoa Sanchez eta Julen Perales, lehiaketaren berri ematen.

Loramendi euskara elkarteak 29.ez deitu du lehiaketa, zientzia oinarri duten gaiak zehaztuta; Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara artekoek aurkeztu ahal izango dituzte lanak, eta horretarako azken eguna maiatzaren 18a izango da.

Ohiturari eutsita, literatura lehiaketa deitu du Loramendi elkarteak, ikasturtea bukatu aurretik. 29.ez egingo da eta Aretxabaletan bizi edo ikasten duten 9 eta 16 urte arteko ikasleek aurkeztu ahal izango dituzte lanak: bakarka, binaka edo hirunaka –kide batek gutxienez aretxabaletarra izan beharko du–. Horretarako azken eguna maiatzaren 18a da.

Ikerlari papera

Zientziaren bueltako gaiak zehaztu dituzte aurten antolatzaileek. "Ikerlari lanetan jar daitezen eskatu diegu, eta horren bueltako istorioak sortu beharko dituzte", adierazi du Ainhoa Sanchez dinamizatzaileak. Eta ez dago aparteko berritasunik: "Iaz, memeak eskatu genizkien nagusienei, eta, arrakasta handirik ez izan arren, aurten errepikatzea erabaki dugu, gaia libre utzita. Izan ere, uste dugu lan politak sor ditzaketela, eta horretara animatzen ditugu".

Gainerako generoetan ez dago nobedaderik: ipuinak, bertsoak eta deskribapenak egingo dituzte Lehen Hezkuntzakoek; DBHko lehen ziklokoek, gogoetak bertsoen ordez; eta bigarren ziklokoek, memeekin batera, gogoetak eta poesiak.

Lan horiek guztiak Loramendik Durana kalean duen bulegora eroan beharko dira –gaian jarrita Loramendiren XXIX. Literatura Lehiaketa–, edo helbide elektronikoa erabilita bidali: euskara@loramendielkartea.eus

Sariak, ekainaren 5ean

Ziklo eta kategoria bakoitzean sari bakarra banatuko dute: Aretxarteko dendetan gastatzeko bonua. Epaimahaiak lan horien maila egokia ez dela iritziz gero, ez da saririk banatuko. Sari-banaketa ekitaldia ekainaren 5ean egingo dute.

Lehiaketaren oinarriak

Lanak eskuz –txukun– zein ordenagailuz idatzita aurkez daitezke, eta ilustrazio edo collage bidez apaindu. Luzerari dagokionez, gehienez, bi orri izango dituzte. Hona hemen adinaren arabera eskatutako generoak eta horietako gaiak.

Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak

  • • Deskribapena. Gaia: edozein edabe magiko sortzeko gaitasuna duzu; zer sortuko zenuke eta zertarako?
  • • Bertsoa. Gaia: nolakoa da zure esperimentua? Bertso bat zortziko txikian edo bi kopla.
  • • Ipuina. Gaia: librea.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak

  • • Deskribapena. Gaia: edozein edabe magiko sortzeko gaitasuna duzu; zer sortuko zenuke eta zertarako?
  • • Bertsoa. Gaia: nolakoa da zure esperimentua? Bertso bat zortziko txikian edo bi kopla.
  • • Ipuina. Gaia: ikerlari ero bat zara; zein da zure istorioa?

DBHko 1. eta 2. mailak

  • • Deskribapena. Gaia: edozein edabe magiko sortzeko gaitasuna duzu; zer sortuko zenuke eta zertarako?
  • • Gogoeta. Gaia: ikerlari ospetsu bat zara; zer ikertzen duzu?
  • • Ipuina. Gaia: ikerlari ero bat zara; zein da zure istorioa?

DBHko 3. eta 4. mailak

  • • Poesia. Gaia: munduko edozein gaitz konpondu ahal bazenu, zer egingo zenuke?
  • • Gogoeta. Gaia: ikerlari ospetsu bat zara; zer ikertzen duzu?
  • • Memeak. Gaia: librea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak