LED argiteria izateko moldaketak egin zituzten joan den hilabetean Belorrieta auzoko eta Iralabarri plazako faroletan; 54 izan dira egokitu direnak lehenengoan eta 64 izango dira bigarrenean, oraindik batzuk falta dira eta. Aldaketa horiekin bi helburu lortuko direla adierazi du Hirigintza zinegotzi Ion Albizuk: "Alde batetik, kontsumoa nabarmen murriztea; %60 inguru Iralabarrin eta %80 Belorrietan. Eta, bestetik, gune horietako argiztapena handitzea, Iralabarri plazakoa bereziki, argi zuriagoa jarrita. Gainera, sisteman akatsak gertatzeko aukerak murriztu egin dira". Aldaketak egiteko, 7.500 euroko inbertsioa egin du Udalak.
"Sistema konplexua"
Herriko argiteria publikoak 1.497 puntu ditu: batzuk farol zutabedunak dira, beste batzuk eraikinei atxikitako farolak, eta azkenak, arkupeetako argiak. Eta horiek elikatzeko 32 koadro elektriko, kilometrotako kableak eta ehunka kutxatila daudela adierazi du Albizuk: "Eta ez da erraza sistema konplexu horrek beti ondo funtzionatzea, puntu zaurgarri asko dituelako". Sistema ez zela ondo diseinatu eremu batzuetan gaineratu du, eta horren ondorioz arazoak izaten direla onartu: "Edozein gorabeheraren aurrean, klima, esaterako, argi barik geratzen dira".
Horrez gain, sodio-lanparen sistema zaharrek kontsumo handia dutela esan du, eta "eskasak" diren lineak gainkargatu eta salto egiten dutela. Horregatik, aldaketak "funtsezkoak" dira, Albizuren esanetan, eta "fruituak ematen" dabiltza.
Koadro elektrikoak moldatzen ere hasita daude, eta aurreratu du horietako erdietan "aldaketa sakonak" egingo direla 2026rako: "Telegestionatu ahal izateko, abisuak denbora errealean jasotzeko eta autonomoagoak eta automatikoagoak izateko".
Esandako 1.500 argi-puntuetatik 600 inguru geratzen dira LED sistemara pasatzeko, eta lan horiek 2026an bukatuko dituzte, ondo bidean, baita "oso eskasak" diren lerro batzuk aldatu ere: "Horrek guztiak inbertsio handia eskatuko du, baina hobekuntza handia ekarri ere bai, eta kontsumoan %80 aurreztu".