Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Gogoan dut nire hiru anai-arrebekin orduak eta orduak ematen genituela jolasean. Denbora asko ematen genuen etxean bakarrik, gurasoak lanera irteten zirelako. Etxeak zabalik egon ohi ziren, eta etxe batetik bestera ibiltzen ginen, baita kaleetan ere. Askatasun handia genuen.
Zer nabarmenduko zenuke Mexikoko kulturatik?
Barre egiteko daukagun askatasuna eta erraztasuna. Barre asko egiten dugu, eta hemen ez da horren erraz barre egiten. Horrez gain, faltan igartzen dut planik gabe ibiltzea; inprobisatzea. Han, kalean ezagunen bat ikusten baduzu, erabaki dezakezu momentuan kafe bat hartzera joatea, eta gero, agian, bataren edo bestearen etxera bazkaltzera joatea. Eta hemen kafe bat hartzeko ere adostu egin behar da lehenagotik, agendak begiratu...
Zer ikasketa egin zenituen?
Komunikazio Zientziak ikasi nituen. Praktikak egin nituen egunkari batean, baina, gero, harreman publikoen arduradun hasi nintzen enpresa batean. Guadalajaran Copreciko lantegi bat zegoen, eta nire ahizpak han egiten zuen lan. Esan zidan ingelesez zekien pertsona bat behar zutela, eta, askorik ez nekien arren, ausartu egin nintzen, eta Coprecin hartu ninduten. Lanean hasi eta hilabete batzuetara, Aretxabaletako langile bat etorri zen lantegira hilabete batzuetarako. Azkenean, maitemindu egin ginen, eta biok batera Txinara joan ginen. Han egon ginen lau urtez.
Txinan eman zenituen urteetan hasi zinen euskarara hurbiltzen.
Bai. Euskararekiko daukadan atxikimendua lortzeko gakoa izan zen Txinan pasatu nuen denbora. Nik lehenengo aldiz Mexikon entzun nuen euskaraz, Copreciko lantegian. Baina, horretaz gain, Oierrekin, nire bikotearekin, entzuten nuen oso ingurune goxoan. Beraz, niretzako euskara beti izan zen maitasunarekin lotutako zerbait. Txinan eduki genuen gure lehenengo alaba, eta Oierrek euskaraz egiten zion.
Aretxabaletara etorri zinetenean hasi zinen euskara ikasten?
Bai. Aretxabaletara etorri ginenerako, oso argi neukan euskara ikasi nahi nuela. Uste dut Txinan lau urte haiek egin beharrean hona zuzenean etorri izan banintz, agian ez nuela euskararekiko atxikimendu hori izango. Hemen, etortzen zarenean, jendea hasten hasi zaizu esaten euskara ikasi behar duzula; presioa da batzuetan, eta pertzepzioa beste bat da.
Nola gogoratzen dituzu hona iritsi zineneko lehenengo egunak?
Familiaren aldetik, oso harrera ona izan nuen. Hala ere, nire lehenengo urtea oso gogorra izan zen. Guadalajaratik Zhuhaira joan ginen, Txinako hirira. Milioi bat biztanleko hiria da, eta, hala ere, txiki geratzen zitzaidan. Handik Aretxabaletara etortzea oso aldaketa handia izan zen, eta ito egin nintzen. Bestalde, kanpotik datorrenari begira geratzeko ohitura daukagu herri txikietan, eta hari buruz hitz egitekoa. Hori ere hasieran oso gogorra egin zitzaidan. Eguraldiaren aldetik ere, oso iluna iruditzen zitzaidan hau, Mexikorekin alderatuta.
Arrazismorik igarri duzu?
Bai. Gogoan dut anekdota bat, hona iritsi nintzenekoa. Lanbidera joan nintzen, baina ez neukan pentsatuta lan konkretu batean izena ematea; kontu burokratiko baterako paper batzuk egitera nindoan. Beraz, bertako administrariak galdetu zidanean zein lan egin nahi nuen, blokeatuta geratu nintzen. Hark, itxaron gabe, esan zidan: 'Garbitzailea, ezta?'. Gero konturatu nintzen kanpotarra nintzelako ondorioztatu zuela hori.
Beste behin, terraza batean nengoen 2 urteko nire alabarekin. Ortozik ibili nahi zuen umeak, eta ondoko mahaian zegoen gizon batek esan zion: "Zure amari esan behar diozu mexikarra zarela, hura bezala, eta haren herrialdean ibiltzen diren bezala ibili nahi duzula, ortozik".
Hona etorri zinenean zerk harritu zintuen gehien?
Janaria oso garestia iruditu zitzaidan. Esaterako, lagun batzuekin joan ginen jatetxe batera bazkaltzera, eta kontua ikusi nuenean gogorra egin zitzaidan: Mexikon hilabete osoan irabazten nuen soldata zen. Harrigarria egiten zitzaidan pentsatzea horrenbeste dirurekin bizi zen jendea zegoela. Gero, urarenak ere asko harritu ninduen.
Zer gertatu zitzaizun urarekin?
Mexikon ezin da txorrotatik urik edan, edateko ura ordaindu egin behar da. Gogoratzen dut askotan Coca-cola edaten genuela ura beharrean, sabela gehiago betetzen zuelako. Hona iritsi ginenean, nire senarraren etxera sartu eta bidoiaren bila hasi nintzen, ura edateko. Hark esan zidan ez zegoela bidoirik, ura txorrotatik edan nezakeela. Dutxara sartzean ere, galdetu nion ea dutxako ura edangarria zen, eta gogoan dut baietz esan zidanean negar egin nuela. Pentsatu nuen: "Hemen jendea edan daitekeen urarekin dutxatzen da!".
Nongoa sentitzen zara?
Ni oraindik mexikar sentitzen naiz, eta ez dakit hori aldatuko ote den. Hala ere, egia da hara bueltatzen naizenean jada ez naizela gauza batzuekin identifikatuta sentitzen. Lehen, Mexikora bueltatzen nintzenean, asko kostatzen zitzaidan hona bueltatzea, baina orain jada ez zait gertatzen; etxera natorren sentsazioa eta alaitasun puntu hori daukat.
Euskaldunak: denetariko aldarteak, baina lehialtasuna nagusi
“Euskaldunei buruz esan ohi da hotzak direla, baina esango nuke denetarik dagoela”, dio Martinezek. Munduko beste leku batzuetan bezala, askotariko esperientziak izan dituela dio, eta uste du izaera askotako jendea dagoela Euskal Herrian. “Esaterako, nire hemengo lagunak oso maitekorrak dira, ez nuke esango hotzak direnik”. Hori bai, euskaldunengantik zerbait nabarmentzekotan, duten “lehialtasuna” aipatu du. “Edozerekin dira lehialak. Zerbaitekin konprometitzen badira, izan laneko gauzekin, harremanekin, ideiekin edo proiektuarekin, hitza betetzen dute gero. Hori oso gauza ederra dela iruditzen zait”, esan du.