GSR Debagoiena egoitzako kideek landutako mural bat egiteko enkargua jaso zuen Gu Haziak Gara laguntza elkarteak, iaz, udal ordezkariengandik. "Mural parte-hartzaileak egiten ditugu guk, eta proiektu bat pentsatzeko eta proposatzeko esan ziguten", azaldu du Joana Manzisidorrek, Gu Haziak Gara elkarteko koordinatzaileak. Udalak 2025aren hasieran onartu zituen bai proiektua bai aurrekontua, eta dagoeneko eman dituzte lehen pausoak.
Lau lanen artetik hautatua
Muralaren kokalekua Udalak zehaztu du: GSR egoitzara bideko biribilgunean dagoen Lausitta kaleko etxebizitzaren azpialdea. 30 metro karratu inguru ditu horrek. Muralaren gaia hautatzeko eta zein elementurekin irudikatu erabakitzeko lan-saio batzuk antolatu zituzten GSRn bertan. Manzisidor bera eta Izaro Sanchez joan ziren, Gu Haziak Garako koordinatzaile eta artista diren aldetik, eta han batu ziren egoitzako langile pare batekin eta egoiliar batzuekin. Bi lan-saio egin zituzten eta guztira hamarren bat lagun batu ziren: "Lanketaren ostean hautatutako gaia izan zen eguneroko bizitzaren nondik norakoak egoitzan eta bertako errealitateak. Handik ekarri genuen bozetoa abstraktua izan zen, gura zutena egiteko askatasuna eman genielako; horretarako, margoak, oihalak eta paper zatiak erabili zituzten".
GSR-KOEK BOZETOA EGIN DUTE ETA HAINBAT ARTISTARI IRUDI PROPOSAMENAK ESKATUKO DIZKIETE
Orain, bigarren faseari ekin diote eta inguruko artistekin elkartzen hasi dira. Tailerrean jasotako bizipen guztien berri ematen dabiltza artista haiei, bozetoa bera eta han ateratako argazkiak erakutsita. Ondoren, lau artistaren lanak aukeratuko dituzte eta bozketa bidez hautatuko da marraztuko den irudia: "Lehenengo, egoitzako kideei erakutsiko dizkiegu artisten lanak, eta haiek emango dute botoa, eta, ondoren, herritarrei ere irekiko diegu prozesua. Ez da izango lehiaketa; lau artistek jasoko dutelako saria, berdina guztiek". Gero, boto gehien jasotako lana margotuko dute paretan, eta horren egileak bideratuko du proiektua. "Zirriborroa paretara artistek eramango dute, eta, gero, guztien artean margotuko dugu; GSRko egoiliarrak, senideak, langileak, Gu Haziak Garako boluntarioak eta herritarrak batuko gara horretarako". Hori ekainean izango da.
Herria egoiliarrengana gerturatu
Horrelako parte-hartze prozesuen helburua komunitatea sortzea, sareak eraikitzea eta bestela elkartuko ez liratekeen herritarrak elkarrekin aritzeko espazioak bideratzea dela adierazi du Manzisidorrek: "Elkar ezagutu eta elkarrekin jardun. Kasu honetan, herria egoiliarrengana gerturatzea izango litzateke asmoa, eta egoiliarrak herrira. Eta prozesu guztiaren lekuko geratuko da horma-irudia".
Udalaren laguntza du proiektuak, baita beste enpresa batzuena ere: Cofip MLAKOOP enpresak, esaterako, materialarentzako dirulaguntza eman die. Horrez gain, Foru Aldundiaren eta Copreci, Mondragon Assemby eta Ulma kooperatiben laguntza ere jaso du elkarteak.
Argazkietan eta bideoetan jaso
Era berean, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko bi ikaslek dihardute lanean haiekin: Tolosako Ekiñe Altunak eta Barakaldoko Larraitz Santosek. "Elkartearen komunikazioa garatzen lagunduko digute eta proiektu zehatz hau ere landuko dute; ilusio handiarekin dabiltza. Argazkiak aterako dituzte, eta bideoak grabatu, prozesu osoa jasota geratu dadin".