Arkupeko ateak zabaltzearekin batera lekualdatu zuten Udal Liburutegia Herriko Plazako eraikinera, eta dagoeneko hamazazpi urte beteko ditu han. Joseba Lopez de Armentia eta Nerea Altuna arduratzen dira eguneroko jarduna bermatzeaz eta irakurzaletasunaren bueltako ekitaldiak antolatzeaz. Apirilerako, esaterako, hainbat ekintza antolatu dituzte, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna –hilaren 2an– eta Liburuaren Eguna –23an– gogoan.
Apirilerako antolatutakoak
Ipuin kontaketa
- • Ipuina: Siroren zilborra, Laura Perez idazle aretxabaletarrak kontatua. 4 urtetik aurrerakoentzat.
- • Apirilak 2: Txiki Txokoa, 17:30. Gonbidapena jaso behar da liburutegian.
Tailerra
- • Eskuzko koadernaketa: josketa japoniarreko eta akordeoi album txikia.
- • Apirilak 3 eta 10: Arkupeko bigarren solairua, 18:00-19:30. Izena eman behar da.
Liburu aurkezpenak
- • Idazleak: Gema Iñiguez, Josune Murgoitio eta Judit Ruiz de Munain. Liburuak erosi eta sinatzeko aukera, eta luntxa.
- • Apirilak 9: Arkupeko bigarren solairua, 18:00.
Antzerkia
- • Antzezlana: Pinnocchio, Eldariozko istorioa. Canti Vaganti konpainia.
- • Apirilak 12: Zaraia aretoa, 12:30. Sarrera, 4 euro.
3.724 bazkide
Gaur-gaurkoz, 3.724 herritarrek dute bazkide-txartela; haietatik 3.019 dira 14 urtetik gorakoak, eta 684, berriz, 14 urtetik beherakoak. Iaz, esaterako 132 bazkide berri egin ziren. Herriko erakunde batzuek ere badute; ikastetxeek, Udaleko departamentuek eta hainbat elkartek, esaterako.
Maileguei dagokienez, 2024an 15.876 eduki hartu ziren; batez beste, ia 69 egunean. "Haurrek gehiago mailegatzen dute ikasturtean zehar. Helduek, berriz, urte osoan hartzen dituzte, baina uda garaian gehiago irakurtzen dutela dirudi, datuei erreparatuz gero", azaldu du Nerea Altunak; eta gaineratu du maileguan ezer eramaten ez duten erabiltzaileak ere badaudela.
Zerbitzua hobetzeko pausoak
Zerbitzua hobetze aldera, Liburutegia etxera egitasmoa jarri zuten abian iaz, mugikortasun arazoengatik edo adina dela-eta liburutegira joan ezin direnek telefonoz edo posta elektronikoz eska ditzaten liburuak. Erabiltzaileek ondo baloratu badute ere oraingoz inork ez duela zerbitzu hori eskatu adierazi du Altunak.
Horrez gain, beste hobekuntza batzuk egiteko, bazkideen eta erabiltzaileen artean galdetegia zabaldu zuten iaz, urrian. "200 erantzun jaso genituen, eta, balorazioak biltzeaz gain, proposamenak ere egin zituzten. Herritarren iritzia jakitea aberasgarria izan da, gure norabidean lehentasunak finkatzeko informazioa jaso dugulako", azaldu du Altunak
Jasotako erantzunak kontuan hartuta lehentasuna emango diote, batetik, isiltasunari: "Ikasleek isiltasun handia behar dute. Aldi berean, taldean jarduteko guneen beharra ere azaldu dute". Horregatik, Udalaren asmoa da ikasgela bat irekitzea herrian. Zerbitzuen inguruko informazio handiagoa ere eskatu dute. Horretarako, online katalogoa eta e-liburutegia erabiltzeko, ordenagailuak jarriko dituzte herritarren eskura.
Irakurzaletasuna bultzatzeko jarduerak askotariko adin-tarte eta kolektiboetara zabaldu beharra ere agerian geratu da galdetegian. Programa hori aztertzeko asmoa du Udalak, eta hori komunikatzeko modurik egokiena zein den zehaztuko du. Era berean, liburutegiko jardueren berri emateko bide egokiak aztertuko dituzte.
Aretxabaletari buruzko informazioa eta jardueren eskaerak ere jaso dira", dio Altunak, eta eskaera hori asetzeko tokiko bilduma osatu, antolatu eta zabaltzeko proiektua idatziko da. Gaur egun, tokiko bilduma hori –Aretxabaletako informazioa duena– liburutegiko gordailuan dago, eta, hura kontsultatzeko, liburutegian egin behar da eskaera. Tokikoa ez ezik, beste hizkuntza batzuetako bilduma indartzea ere eskatu dute. Hori horrela, ingelesezko literatura zein hizkuntza bera ikasteko baliabideak berritu egingo dituzte. Maileguan hartutakoak itzultzeko postontzi baten beharra ere atzeman da, eta asmoa da Arkupeko kanpoaldean jartzea, tramiteak errazteko. Altunaren esanetan, ez dute eperik zehaztu: "Eguneroko jardunak uzten digun heinean joango gara gai guztiak aztertzen eta pausoak ematen".
Hainbat datu
Bazkideak
- • Guztira: 3.724.
- • 14 urtetik gora: 3.019.
- • 14 urtetik behera: 684.
- • Berriak: 132.
Maileguak (2024)
- • Guztira: 15.876.
- • Helduak: 8.187.
- • Umeak: 7.689.
- • Eduki monografikoak: 14.992.
- • Ikus-entzunezkoak: 1.372.
Azken erosketak
- • Helduen liburuak: 321.
- • Haur eta gazteen liburuak: 417.
- • Ikus-entzunezkoak: 53.
Liburu irakurrienak
- • Helduak (euskaraz): Maitasun kapitala.
- • Helduak (gazteleraz): Azami, el club de Mitsuko.
- • Txiki txokoa (euskaraz): Beldurrez.
- • Txiki txokoa (gazteleraz): La excursión: una historia en dibujos.
- • 5-7 urte (euskaraz): Egun bat kanpinean.
- • 5-7 urte (gazteleraz): Sensibles.
- • 8-11 urte (euskaraz): Onin eta komiki madarikatua.
- • 8-11 urte (gazteleraz): ¡Las sirenas existen!