Hainbat aldarrikapen egin dituzte elkarretaratzearen amaieran irakurri duten komunikatu batean. Besteak beste, salatu dute irakasleek "paper gaineko" geroz eta zeregin gehiago dituztela; hain zuzen, plan, proiektu, protokolo eta bestelakoak betetzera bideratzen dute denbora asko, azaldu dutenez, eta horrek denbora kentzen die ikasleei arreta zuzena eskaintzeko.
Bestalde, ratioak eguneratzeko beharra mahaigaineratu dute. Esan dutenez, 2023ko otsailean ratioak eguneratzeko dekretua onartu bazen ere, oraindik ez da "neurri zehatzik" hartu ratio horiek bete daitezen, eta ondorioz, ikasgelak gehiengo ratioa baino beteago daude.
Ordezkapenen auziari buruz ere aritu dira. Gaitzetsi dute ez dela lehenengo egunetik ordezko irakasle bat jartzen, eta horrek, ikastetxeko gainontzeko irakasleak behartzen ditu ordezkapen horiek egitera, esan dutenez. "Honek, lan zama handitzen du eta hezkuntza kalitatean zuzeneko eragina du", esan dute.
Horrez gain, giza baliabide gehiago eskatu dituzte ikasgeletan inklusioa bermatzeko. "Ikasgeletako aniztasuna eta premiak
gero eta gehiago direnean, hauei erantzuteko gero eta baliabide gutxiago dituzte ikastetxeetan", adierazi dute.
Azkenik, Hezkuntza Sailaren baliabide guztiak hezkuntza publikora bideratu daitezen eskatu dute, eta segregazioa sustatzen duten neurriak behin betiko bukatu daitezen aldarrikatu dute.