Martxoaren 8aren bueltako aldarrikapenak kalera aterako dituzte bihar, zapatua, herriko feministek. Manifestazioa 18:30ean abiatuko da Herriko Plazatik eta harekin bat egitera deitu dituzte herritarrak. Gazte Martxoaren 8aren bueltako aldarrikapenak kalera aterako dituzte bihar, zapatua, herriko feministek. Manifestazioa 18:30ean abiatuko da, Herriko Plazatik, eta harekin bat egitera deitu dituzte herritarrak. Gazte Feministek ere bat egingo dute horrekin, baina ekitaldiei eguerdi partean ekingo diete: 13:00etan topa egin, eta argazkia aterako dute; 14:30ean, Zuk in, zuk jan! bazkaria eta tertulia izango dituzte; eta 18:00etan, batukadarekin kalejira. Gauean borobilduko dute eguna, jai giroan, pintxada kolektiboari ekinda 22:00etan.
Horiez gain, domekan, Aretxabaletako Mugimendu Feministako kideek bat egingo dute Bergaran egingo den Emakumeen Mundu Martxaren nazioarteko ekintzarekin.
Bi txoko liburutegian
Bestetik, Udal liburutegian bi txoko egokitu dituzte Martxoaren 8a gai hartuta: bata umeen gunean eta bestea helduenean. Azken horren izenburua Emakumea eta bidaia izango da, eta, hain zuzen, horri lotuta, Josune Murgoitio idazleak (Arrasate, 1985) Leer para viajar sin moverse de casa hitzaldia egingo du martxoaren 19an, 18:00etan, Arkupeko bigarren solairuan. Emakumeek egindako bidaien eta idatzitako liburuen berri emango du Destino Estambul eta Lo que sucedió en Turquía eleberrien egileak.
Jabekuntza Eskolako ekitaldiak
Udaleko Berdintasun Sailak antolatutako II. Jabekuntza Eskolaren egitarauak jarraipena izango du martxoan. Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1984) idazlea gonbidatu dute azken liburua aurkeztera: Hetero. Martxoaren 12an, eguaztena, 18:00etan izango da, Arkupeko Zaraia aretoan. Oihana Arana Cardenal bertsolari eta idazle eskoriatzarra izango du tertuliakide. Eta martxoaren 26an, 17:00etan, Hileroko zikloa berrezagutzen tailerra egingo dute, Idoia Sanchez Garcia hilekoan espezializatutako erizainak (Xarma) gidatuta.
Oihana Mata Oiangureni aitortza
Bestalde, bederatzigarrenez egingo dute Aresko martxa, domekan. Oraingoan, Eskoriatzako plazatik abiatuko dira, 12:00etan, eta Aretxabaletako Herriko Plazan bukatuko dute Emakumeok bidea eraikiz leloa duen ibilaldia. Aurten ere izango dira omenduak: Eskoriatzan Arguiz ahizpak eta Aretxabaletan Oihana Mata Oianguren.
Pilotan diharduten emakumeentzat erreferente izan da Mata, Aretxabaletan. Eskoriatzako baserriko paretetan hasi zen pilotarekin jolasean, eta, ondoren, Iturrigorri pilotalekura egin zuen jauzi. 10 urterekin hasi zen jokatzen; ez zebilen neskarik horretan. Pilotaren bueltan jardun du ordutik hona, eta Aretxabaletako emakumeen frontenis txapelketaren antolatzailea da.