"Jaiekin zerikusirik ez duten gertaerak" salatu ditu Aretxabaletako Udal Gobernuak

Mirari Altube Arrese 2025ko mar. 4a, 11:02

Aratuste-domekako mozorroen desfileko une bat.

Kuadrilla batzuek ez dutela baimenik eskatzen egiturak jartzeko adierazi du eta musika "bolumen altuan" ordu txikiak arte izan duenik ere badagoela gaineratu, "bizilagunen kexak jasoz". Horiez gain, salatu du Ilargi plazako edukiontziak erre izana domekatik astelehenera bitartean.

Aratuste-domekako jai giroa balioan jarri du Udal Gobernuak prentsa ohar bidez: "Koloretsua eta bizitasunez betea izan da. Beti bezala, herritarren parte-hartzea eta inplikazioa ederra izan da. Beste behin, karroza eta ideia originalak izan dira herriko kaleetan. Honek egiten gaitu handi".

Baina jai giroa ilundu duen gertaerak ere izan direla adierazi du, horien artean dago edukiontziak erre izana; Ilargi plazako eremuan zeuden bostak, hain zuzen ere. "Beste behin ere, edukiontziak erre dituzte eta Udal Gobernuaren ustez, jarrera hauek onartezinak dira eta guztiz arbuiagarriak". Azken hilabetean, hiru izan direla erre diren edukiontzi multzoak gogorarazi du: "Arrisku egoera sortzeaz gain, 10.000 euro da edukiontzi gune bakoitza bere lehengo egoerara bueltatzea kostatzen dena".

Bestalde, argitu gura izan du kalean egiturak jartzeko baimena eskatu beharra dagoela: "Badira, urtez urte, baimena eskatzen duten kuadrillak eta adostutako ordu eta espazioak errespetu osoz betetzen dituztenak. Badaude beste batzuk ordea, ez dutenak baimenik ere eskatu, besteak beste, aurten jarritako egituretako bat egoera horretan dago. Ez zuten baimenik eskatu, ordu txikiak arte musika bolumen oso altuan izan dute eta goizean ere, egiturak bertan jarraitzen zuen". Ondorioz, bizilagunen kexa mezuak jaso dituztela gaineratu dute.

Ildo horretatik, elkarbizitzaren aldeko deia egin du Udal Gobernuak eta neurriak hartuko dituela adierazi: "Norbere gozamenak ezin du, inondik inora, beste pertsonarik kaltetu. Ezin dira horrelako jarrerak onartu eta Udal Gobernuak adierazi nahi du, egoeraren inguruan lanean ari dela eta behar diren neurriak hartuko dituela, herritarrekiko errespetu falta eta ardura kolektibo ezaren adibide argi hauen aurka".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak