Denboraldia hasteko prest UDAko bolariak

Mirari Altube Arrese 2025ko mar. 4a, 10:00

UDA Hirutxirlo taldeko kideak, denboraldi berrirako gertu. (Argazkia: UDA Hirutxirlo taldea)

Martxoaren 15ean ekingo diote 54. Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola-joko Txapelketari, eta lehiari heltzeko gogotsu daude UDA Hirutxirlo taldeko kideak; iazko emaitzak hobetzeko asmoa izanik, eguenean hasiko dituzte entrenamendu-saioak bolatokian.

Ate-joka dago 54.ez datorren Gipuzkoako bola-txapelketa, eta UDA Hirutxirlo taldeko bola-jokalariek ez dute hutsik egingo. Datorren eguenean ekingo diete entrenamendu-saioei, denboraldia prestatzeko.

Lau talde Gipuzkoakoan

Bola-jokorako zaletasunaren bueltan elkartutako hainbat herritarrek orain dela sei urte sortu zuten taldea, eta 2023an UDAren familiara batu zen. Aretxabaletako jokalariekin batera Eskoriatzakoak eta Aramaiokoak ere badaude, eta arrasatearren bat edo beste ere bai. "Iaz, asko indartu zen taldea, eta, aurten baja batzuk izan baditugu ere, indartsu dago, eta denboraldiari ekiteko gertu", adierazi du Gorka Madinabeitia kideak. Aurtengo txapelketara bost lagunez osatutako lau talde aurkeztuko dituzte.

Erronkarik ez dute ezarri, baina emaitza onak eskuratzea beti da pozgarria: "Taldekako sailkapenean hiru lehenen artean gutako bat izatea ona litzateke. Eta banakako sailkapenean lehenengo hamarren artean baten bat sartzea, pozgarria". Gazte eta infantil mailetan, ostera, samurragoa izango dela dio: "Parte-hartzea txikia izaten da. Guk bi kide ditugu, eta iaz, esaterako, Axel Sixto txapelduna izan zen infantilen artean".

Gipuzkoako txapelketari martxoaren 15ean ekingo diote, Soraluzeko San Andres bolatokian, eta finala ekainaren 7an izango da, Azkoitiko Floreagan. Hamaika saioetatik lau jokatuko dira Debagoienean: martxoaren 29an, Bergaran; eta maiatzean beste hirurak: 17an, Aretxabaletan; 24an, Elgetan; eta 31n, Leintz Gatzagan. Euskal Herriko 35. Txapelketa, ostera, udazkenean iritsiko da, eta urrian eta azaroan izango dira jaurtialdiak.

Aretxabaletako txapelketa

Aretxabaletan jokatuko diren txapelketekin ere sailkapen bat osatuko dute. Zazpi-zortzi izango dira guztira, eta lehenengoa izan zen otsailaren 22koa. Horregatik, hango irabazle Haizea Arrieta dago sailkapenaren buruan. Puntu gehien eskuratutakoa hautatuko dute bolari onena urte bukaeran, eta 200 euro eta txapela jasoko ditu. Hurrengo txapelketa martxoaren 8an izango da, Uratz Aldek antolatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak