Txapelketa batean zein bestean giro polita sortu zela adierazi dute antolatzaileek, eta gazteen artean parte-hartzaile gutxiago elkartu arren gustura jardun zutela jokoan. Jubenilen taldean irabazlea Unai Aguado izan zen, eta haren atzetik geratu ziren Anas Elassali eta Iker Martinez. Infantilen artean, ostera, Anje Herrasti izan zen txapelduna eta ondoren geratu ziren Iradi Gurrutxaga eta Jokin Jausoro.
Gauean 42 jokalari
Helduen txapelketan, ostera, 42 jokalari elkartu ziren. "Parte-hartzea oso ona izan da. Eta gainera, gazte kuadrillak batu ziren bolatokian gertutik jarraitzeko. Horiek txapelketan ez zuten parte hartu baina karta-jokoan bai, eta giro ederra sortu zuten".
Txapelketa Haizea Arrieta aretxabaletarrak irabazi zuen 7 txirlo botata; bigarrena, Olatz Arano izan zen, eta hirugarrena, Juan Luis Zelaia; horiek ere zazpi txirlorekin. Laugarren postuan geratu zen Javi Martino sei txirlorekin, eta bosgarrenean Sebas Arantzabal elgetarra, bostekin.
Aurten Aretxabaletan jokatuko diren zazpi-zortzi txapelketaren artean lehenengoa izan zen zapatukoa. Sailkapen bat osatuko dute horietan jasotako emaitzekin, eta gaur gaurkoz Arrieta dago buruan; txapelketatan parte hartzeko ez dago aretxabaletarra izan beharrik. Urte bukaeran, puntu gehien eskuratu dituena hautatuko dute bolari onena eta 200 euro eta txapela jasoko ditu.
Hurrengo txapelketa martxoaren 15ean izango da, Uratz Alde elkarteak antolatuta.