Mozorro festari ekiteko osagai guztiak gertu

Mirari Altube Arrese 2025ko ots. 28a, 11:55

Kuadrilla bat mozorrotuta iazko Aratusteetako desfilean. (Argazkia: Imanol Soriano)

Leizarra musika eskolakoen dantza erakustaldiarekin emango diete hasiera Aratusteei gaur, eta domekan, mozorrotutako kuadrillen desfilea izango da eguneko protagonista; martitzenenean, ostera, ikasleek hartuko dute lekukoa.

Txapel Txinek joan den zapatuan egindako deiari erantzunez, azken ukituak ematen ari zaizkie aretxabaletarrek mozorroei, domekarako prest egon daitezen. Aratusteen bueltako ekitaldiei, baina, gaur emango diete hasiera Leizarra musika eskolako kideek, Egubakoitz Argal eguneko dantza erakustaldiarekin; 18:00etan izango da, Ibarra kiroldegian.

Domekako jai giroaren sortzaile eta protagonista herritarrak izango dira. Santa Ageda neska-mutilek ekingo diete eguneko ekitaldiei, Txino dantzarekin, 11:45ean, eta ondoren, kuadrillen desfilea abiatuko da Araba ibilbidetik. Bazkaltzeko etenaldia egingo dute herritarrek eguerdian; 600 lagun kiroldegira joango dira eta ia beste horrenbeste pilotalekura. 17:30ean, Gesaltza txarangaren kalejira izango da, eta 18:00etan, DJ Mikeltxirekin dantzaldia Herriko Plazan. Ondoren, 18:45ean, mozorro lehiaketaren sariak banatuko dituzte, eta gero, kintoek aurtengo azken dantza saioa egingo dute. Jaia, baina, ez da bukatuko orduan, eta askok goizaldera arte jarraituko dute.

Eguerdiko desfilearen nondik norako guztia jaso eta Goiena telebistak eta Goiena.eus webgunean zuzen-zuzenean emango dute, 12:10ean hasita.

Gune Morea

Indarkeria matxistarik gabeko Aratusteen aldeko aldarrikapena egin du Udalak, eta ez dela inolako erasorik onartuko adierazi du. Hori horrela, Gune Morea izango da domekan, Mitarte kalean, 18:00etatik 22:00etara bitartean. Eta hainbat telefono-zenbakiren berri eman dute, edozein kasu salatzeko: Satevi, 900 84 01 11 –etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktimentzat arreta zerbitzua–; Ortzadar, 028 –LGTBI+fobiaren biktima izan diren pertsonentzat informazioa eta arreta-zerbitzua–; Ertzaintza –943 53 47 20–; eta Udaltzaingoa –943 71 18 63–.

Martitzenean, ikasleak

Aratuste-martitzena, ostera, ikasle gaztetxoek girotuko dute. Goiz partean hainbat dantza erakustaldi egingo dituzte: 10:00etan, Kurtzebarri eskolako kantxan; 10:30ean, Herriko Plazan; eta 11:00etan, Arlutzeko kantxan. 18:00etan, buruhandien kalejira izango da, Irulitxa txarangarekin batera; eta 20:00etan, Txinen hileta antzeztuko dute. Ohikoa den legez, Santa Ageda neska-mutilek eramango dute zerraldoa Mitarte kaletik plazaraino, eta erre egingo dute han.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak